Garazi Navas usansolotarra Bilboko Udal Txistulari Bandarekin arituko da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bilboko Txistulari Banda
Bilboko Udal Txistulari Bandak egitarau anitza eskainiko du apirilera bitarte eta hainbat artistak parte hartuko du emanaldietan. Besteak beste, Garazi Navas usansolotarra arituko da bandarekin bi saiotan.
Bilboko Udal Txistulari Bandak 2023-2024 denboraldiari begira antolatu dituen kontzertuen egitaraua aurkeztu du. ‘Lurraren Koloreak’ izenburupean, txistulari boskoteak zazpi ikuskizun eskainiko ditu datorren 2024ko apirilaren 17an amaituko den Euskalduna Jauregiko kontzertu zikloaren barruan.
Egitarauaren aurkezpena Areatzako kioskoan egin zuten pasan den urriaren 6an eta han izan ziren Ana Madariaga, Bilbao Musikako zuzendari gerentea, Itziar Urtasun, Bilboko Udaleko Kultura Zinegotzi Delegatua, Gorka Zabaleta, Udal Txistulari Bandako zuzendaria eta Asier García galdakoztarra, Bandako perkusionista.
Halaber, Juana Picuentos txotxongilo konpainia eta Garazi Navas soinujole usansolotarra, 2022ko urtarrilean BINKEko azala izandakoak, izan ziren aurkezpenean, izan ere, Bilboko Udal Txistulari Bandarekin arituko dira.
Navasek bi saiotan parte hartuko du. Batetik, martxoaren 20an ‘Hariak’ ikuskizun berezia eskainiko du Bilboko Udal Txistulari Banda eta Juana Picuentos txontxongilo antzerki konpainiarekin batera.
Bestetik, apirilaren 17an, asteazkena, Euskalduna Jauregiko denboraldiari agur esateko, eszenatokia mugimenduz eta kolorez beteko da ‘Sua Piztu’ zirku eta musika ikuskizunarekin. Zirkozaurre konpainiak eta Gorka Ganso clown-ak agertokia kolorez, alaitasunez eta mugimenduz beteko dute. Garazi Navas, Gorka Eskauriaza eta Musikeneko txistu ikasleek aldiz magiaz beteriko kontzertu alaia eskaintzeko bere ekarpena ere ipiniko dute.
Bilboko Udal Txistulari Bandaren egitarauari buruzko informazio gehiago ezagutu daiteke Bilboko Udalaren webgunean.