‘Genealogia berri bat’ emakume musikariei buruzko solasaldia hartu zuen atzo Sormenek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Sormene
Atzo, urriak 30, hasi zen Sormene Galdakaoko sorkuntzen plaza eta lehen ekintza hartu zuen: ‘Genealogia berri bat’ emakume musikariei buruzko solasaldia. Ihintza Orbegozok, Lide Hernandok, Maria Riverok, Aintzane Camarak eta Garazi Navas usansolotarrak parte hartu zuten.
Atzo hasi zen Sormeneko aurtengo udazkeneko ekinaldia eta Galdakaoko sorkuntza plazak egitarau zabala eskainiko du edizio honetan ere, BINKEk jaso zuen moduan. Lehen ekintza emakume musikarien inguruko solasaldia izan zen, ‘Genealogia berri bat. Romualda Zuloaga eta Kastora Irigoienen bidetik’ izenpean.
Aintzane Camarak, Maria Riverok, Lide Hernandok eta Garazi Navas usansolotarrak partee hartu zuten elkarrizketa bizi eta sakonean, Ihintza Orbegozo gai jartzaile-moderatzailearen galderetara erantzunez.
Lurdes Iriondo, Maurizia Aldeiturriaga, Romualda Zuloaga edo Kastora Irigoien benetan ezagunak ote diren eztaibadatu zuten. Lehengoetatik eratorriak direla aitortuz, beraien egoerak, bizipenak eta gogoetak partekatu zituzten, egunero bizi dituzten arazoak azalduz.
«Kuotak bete beharra ere iritziak plazaratzeko aukera eman zien: momentu honetan emakumeak kuotengatik egon behar direlako, gehienok ondo ikusten zuten: gutxienez dirulaguntzak eskuratzeko, ezinbesteko da orain emakumeekin kontatzea; eta horretaz baliatuz, euren balioa eta artea azaltzeko aukera eukitzen dutela baieztatu zuten», azaldu du Josi Sierra Sormeneko eragileak.
«Baina denak ados zeuden, kuotetatik haratago, musikari bezala, sortzaile bezala, konpositore bezala ere, euren lekua okupatu nahi dutela sorkuntzaren munduan», azpimarratu du Sierrak.