Gorozibaiko lurrak erostea onartu du Galdakaoko udalbatzak, hondakinen instalazioa saihestuz
Politika
BINKE / 2022ko maiatza
Gorozibaiko lurrak erostea onartu du Galdakaoko udalbatzak, hondakinen instalazioa saihestuz
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Naia Bergaretxe Sarria
Galdakaoko Udalak RCD izenez ezaguna den Gorozibaiko hondakinen lantegia eraikitzea saihestu du gaurko ohiko osoko bilkuran, bertan eguzki-ortuak eraikitzeko proposamena egin eta onartu baitu.
Hirigintza eta Mugikortasuneko Informazio-batzordearen proposamena jarraituz, Gorozibai auzoko UE-GO-3 unitateari dagozkion lurrak erosteko transakzio- eta desjabetze-hitzarmena onartu du gaur, eguena, Galdakaoko udalbatzak ohiko osoko bilkuran.
Hamasei puntu izan ditu eguen honetako udalbatzak —tartean EAJko udal taldeko zinegotzi zen Fernando Izagirrek karguari uko egin diola jakinaraztea edo Udal Euskaltegiak Galdakaoko Udalak lehenengoz sortu zuen Kontziliazio Planarekin bat egiten duela onartzea— baina hautsak Gorozibaien aipatutako lurrak Udalak erosteko proposamenak harrotu ditu.
Lur eremu honetan eraiki behar zen Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen instalazio berria —gaztelaniazko RCD hizkiez ezagunagoa izan dena—, Binkek iazko apirilean hitzez eta irudiz gaia landu zuen bezala. Instalazio honek «mota askotako kutsadura» sortu eta «kamioien trafikoa nabarmenki igo» behar zuela salatzen zuten auzokideek, eta horren ondorioz «RCD hemen ez» plataforma herritarra ere sortu zuten.
Urte luzeko bidean hainbat manifestazio, auto-ilara eta bilera izan dira auzokideen, alderdien eta auzo elkarteen artean, eta Udal Gobernuko alderdiek instalazio hori bertan eraikitzearen aurka egin zuten hasieratik. Hori horrela, hilabeteko ohiko osoko bilkurara proposamen bat ekarri dute gobernuko kideek: lur eremu horiek Udalak erostea, eta eremu horietan eguzki-ortuak eraikitzea.
Modu honetan, zeharka bada ere, Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen instalazio berri polemikoa egitea saihestuko luke erosketa horrek. Eta hala izan da. Galdakaoko udalbatzak orube horiek erosi eta energia berriztagarrien eremu bilakatzea onartu du.
Alderdi guztiak, atxiki gabeko zinegotzia izan ezik, RCD lantegia eraikitzearen aurka azaldu dira, baina ez dira bat etorri Udal Gobernuaren egiteko-moduekin edota proiektu berriarekin. Horrela ba, bi txandako berbaldien ostean, alde bozkatu dute EH Bilduk, Podemosek, Usansolo Herriak eta Auzoak-eko bi zinegotzik —beste batek aurka bozkatu baitu—; EAJ eta PSE-EE abstenitu egin dira eta atxiki gabeko zinegotziak aurka egin du.
Ekimenak aurrera egin duela ikusita eta, beraz, hondakinen lantegia Gorozibaien ezarriko ez dela jakinda, udalbatza horretan izan diren «RCD hemen ez» plataformako hainbat kide txaloka hasi dira. Plataformako kideak udaletxearen aurrean batu dira udalbatzaren aurretik euren aldarria kartel eta pankarta bidez adierazteko.