Gumuzioko Garapen Zentroa ezartzeko lehen pausoak ematen ari dira
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Martxoan hasi ziren Erletxeko eskola zaharraren eraikinean Gumuzioko Garapen Zentroa ezartzeko egokitze-lanak. Udalak iragarri duenez, proiektua aurrera doa eta Galdakaoko enpresekin harremanetan jartzen ari da zentroaren lan ildoak finkatzeko.
Galdakaoko enpresek jardunaldiak, formazio saioak, erakusketak eta beste ekintzak egiteko helburuz, Erletxeko eskola zaharrean Gumuzioko Garapen Zentroa ezarriko dutela iragarri zuen Udalak. Binkek jaso zuenez, martxoan hasi ziren eraikinaren egokitze-lanak.
Udalak jakinarazi du proiektua aurrera doala eta lehen fase honetan Galdakaoko enpresekin harremanetan jartzen ari dela zentroaren oinarriak ezartzeko. Helburua jorratu beharreko zerbitzuak, ildo estrategikoak eta proiektuak diseinatzea da.
«Oso garrantzitsua da herriko enpresen parte-hartzea, haien erantzunen bidez zehaztu ahal izango direlako Gumuzio Garapen Zentroaren proposamen bat sortzeko interesa eta beharrak», adierazi dute Udaletik. Proposamena zehaztu ondoren, hainbat kontaktu saio egingo dituzte, Galdakaorako proiekturik onena definitu arte.
Gumuzioko Garapen Zentroa Erletxe industrialdetik oso gertu dago eta Galdakaoko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko gune gisa erabili nahi da.