Hellydays: «Luzarorako proiektu bat bezala ikusten dugu gure taldea»
Hellydays musika taldea
BINKE / 2019ko apirila
«Luzarorako proiektu bat bezala ikusten dugu gure taldea»
TESTUA: Ixone Muñiz Arana
ARGAZKIA: Hellydays taldea
Unaik, Xabik, Dunixik eta Danik osatzen duten laukote galdakoztarrak 2018an jarri zuen abian Hellydays izeneko musika taldea. Laurak izan dira beste talde batzuetako kide, baina oraingoan, buru-belarri murgildu dira denborarekin egonkortzea espero duten proiektu berri honetan.
Hellydays: izen berezia talde batentzat… Bai, berezia da, ezta? Asko luzatu zitzaigun izen bat aukeratzearen kontua, ez ginen ados jartzen. Garagardo artean irten zen Hellydays izena, oporrek —ingeleseko «holidays»— islatzen duten alde ona eta infernuak —«hell»— daraman alderdi ilunaren konbinazioak ematen zuen kutsua gustatu zitzaigun, eta horrela geratu zen. Guretzat esanahia duen hitz-jokoa da.
Laurak egon zarete inoiz beste talde batzuetan. Zaila da proiektu berriei hasiera ematea? Gure ustez, horrelako proiektu bat hasteak ez du zailtasun askorik, instrumentuak astintzeko irrika duten hainbat lagun batu eta kito. Zailtasuna gogo horiek mantentzean dago, edonolako oztopoak agertzen diren heinean hauei aurre egiteko gaitasun eta pazientzian, alegia. Hellydays aurretik izan ditugun proiektuek beharbada zailtasun hauengatik egin dute porrot… Nork daki? Orain arte ikasitakoa kontuan hartuta ondorio batera heldu gara: luzarorako proiektu bat bezala ikusiko dugu taldea, presarik gabe eta inolako inposaketarik gabe, gure erritmoan.
Zuen kanta bat aukeratu beharko bazenute, zein izango litzateke? Kanta konkretu bat aukeratzea seme-alaben artean gustukoena hautatzea bezala da! Kanta bakoitzak bere arima du, izaera propioa. Baina «Every Fire» edo «Yesterday’s Replay» aipatu ditzakegu beharbada, eta kaleratu ditugunen artean, «Felicity». Gure etorkizuneko abestiek hauen izaera izango dutela uste dugu, beraz, hauek izan daitezke gure estilo propioa definitzeko lehen urratsak.
Aurtengo udan hasiko zarete kontzertuak ematen, ezta? Bai, ekainetik aurrera. Barakaldoko Edaska Rock Clubean jo berri dugu, baina lotu ditugun hurrengo kontzertuak Barakaldoko El Tubo tabernan —maiatzaren 31n— eta Bilboko Shake Pub-ean —ekainaren 21ean— izango dira. Kontzertuok geure buruaren auto-balorazio bat egiteko balioko digute. Hala ere, dena emango dugu, guretzat berria izango den estiloan, eta zuontzat ere hala izatea espero dugu.
Zein etorkizun ikusten diozue Hellydaysi? Ez dugu etorkizun zehatzik espero. Momentu oro jo nahi duguna jo, gauza berriak frogatu, hanka sartu… Baina beti aurrera. Oso gustura gaude gure artean eta horrek asko errazten ditu gauzak. Orain arte hiru abesti grabatu ditugu guk geuk gure entsegu lokalean eta Youtubera igo ditugu. Ziur daukagun gauza bakarra da disko bat grabatzea ezinbesteko helmugetako bat dela Hellydaysen bidean. Noizko? Bideak berak esango digu.