«Herriko harri», Mikel Atxutegi
Mikel Atxutegi Gutierrez
BINKE / 2016ko uztaila
Herriko harri
Usansolok duen kirol eta kultur agenda inguruko herri askoren inbidia da. Ez da baina, kasualitatea. Begi xehez ikusten ez den lan eskerga dago atzean. Etxea harriz harri eraikitzen den modu berean, herri txikia egunez egun egiten da handi. Harria berez hila da, hotza, baina jendearen borondateak eman zion bizia, berotasuna. Bertako bizilagunek eraiki zituzten etxearen habeak, eta asko joanak diren arren, gogoan ditugu. Ferekaz landutako harriak oraindik ere dirau, baina zahartzen hasia da. Berdinak dira urtero antolakuntzan dabiltzan bizilagunak, ekimen hutsez tradizioari eusten dioten herritarrak. Parte hartzeak gainera behera egin du, eta exijentzia mailak gora.
Lore ederrenak zimeldu egiten diren tankeran, bihotz taupada indartsuenak ere ahuldu egiten dira. Gazteok dugu aspaldi hasitako lana bere horretan mantentzeko erronka, guri dagokigu arbasoek utzitako ondarea bizirik iraunaraztea.
Etxeko telebista saioak ez du herririk egiten, lokaleko sofa erosoak ez ditu kaleak alaitzen. Arestik esaten zuen, “nire aitaren etxea defendatuko dut otsoen kontra”. Ez gaitezen ba gazteok izan, gure herriko otso.