Itziar Atienzak ‘Itxaso’ telesailean parte hartu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EITB
Atzo Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko EITBren galan estreinatu ondoren, surf munduan girotutako ‘Itxaso’ telesaila ikusgai dago Pr1meran euskal edukien streaming plataforman. Telesailean hainbat euskal aktorek parte hartu dute, besteak beste Itziar Atienza galdakoztarrak.
Hainbat proiektutan parte hartu du Itziar Atienza galdakoztarrak azkenaldian. Besteak beste, Disney Plus plataformaren ‘Largas sombras’ telesaila grabatzen ibili zen udan beste hainbat aktore ezagunekin batera, Binkek jaso zuen moduan.
Halaber, surf giroan girotuta dagoen ‘Itxaso’ telesaileko protagonistetako bat da Atienza, gaurtik aurrera ikusi daitekeena Pr1meran euskara eta euskal edukien streaming plataforman, atzo Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko EITBren galan estreinatu ondoren.
Telesailak zortzi atal ditu eta hauetan hainbat aktore ezagun ikusi daitezke Atienzarekin batera, hala nola, Nerea Mazo eta Aritz Kortabarria promesa gazteak, eta Jon Plazaola eta Nerea Garmendia.
‘Itxaso’-k 17 urteko neska baten istorioa du abiapuntu. Ama hiltzean, Mexikotik Euskadiko kostaldeko herri txiki batera joan behar du, aitarekin bizitzera. Herri horretan surf eskola baten arduradun den aita ez du ia ezagutzen.
Aldeak alde, biek elkar ulertu egin beharko dute nahi eta nahiez. Horrela, telesail honetan surfa abiapuntua baino ez da, izan ere, «istorioaren mamia nork bere burua gainditzeaz egindako ahalegina du ardatz», egileen hitzetan.
Sergio Sancho eta Daniel Terzaguiren ideia originalaren oinarri hartuta, María Cortések sortu du telesaila eta Antonio Díaz Huertak zuzendu du.