Joseba Loroño, hirugarren Ironman 70.3 Marbella proban
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Joseba Loroñok bidalitakoa
Domekan, urriak 27, Ironman 70.3 Marbella probaren seigarren edizioa antolatu zuen. Honetan, besteak beste, Joseba Loroño galdakoztarrak parte hartu zuen eta hirugarren izan zen 65-69 urteko kategorian.
Mundu osoko 2.000 kirolari baino gehiago batu ziren pasa den domekan, urriak 27, Malagan, Ironman 70.3 Marbella proban parte hartzeko. Proba honen seigarren edizioa izan zen eta parte-hartzaileen artean Joseba Loroño galdakoztarra izan zen.
Proban 1.900 metro igeriz (aurten 2.600 arazo batzuengatik), 90 kilometro bizikletaz 1.500 metroko desnibelarekin eta amaitzeko 21,1 kilometro korrika egin zituzten. «Munduko probarik zailenetakoa da», adierazi dio Loroñok BINKEri.
Hala ere, kirolaria hirugarren izan zen 65-69 urteko kategorian, Aldo Nobiliren eta Ralf Laermannen ostean. «Mota honetako probetan parte hartzen dut mundu osoan zehar eta entrenatzeko ilusioa mantentzen dudan bitartean, horrela jarraituko dut», azaldu du galdakoztarrak.