Larrabetzuko pilota elkartea Unkinako frontoian arituko da hamar astez
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Larrabetzuko frontoian obrak egingo dituzte eta horren ondorioz Olarreta Pilota Elkartea Unkinako frontoian arituko da, entrenamendu eta partidetan. PalAndreak eta Palagoma taldeek erabiliko dute Usansoloko frontoia.
Obrak egingo dituzte Larrabetzuko frontoian, eta Olarreta Pilota Elkarteak Usansoloko Unkina pilotalekua alokatzeko eskaera egin zion Galdakaoko Udalari. Usansoloko pilota klubarekin hitz egin, bere behar eta ordutegiak aztertu, eta adostu dute Larrabetzukoei egiteko eskaintza.
Horrela, hurrengo hamar asteetan zehar Olarreta Pilota Elkarteko PalAndreak eta Palagoma taldeak Unkina pilotalekuan arituko dira. Astean bi egunetan erabiliko dute Unkinako pilotalekua: eguaztenetan, 19:00etatik 20:00etara senior kategoriako PalAndreak taldearen entrenamenduak izango dira. Barikuetan, berriz, 15 eta 26 urte arteko kanterako neskak biltzen dituen Palagoma taldekoak arituko dira entrenamenduan, 19:30etik 22:00etara.
Olarretaren partiden egoitza ere izango da Unkina, lanek irauten duten bitartean. Eskola kirolekoak zein federatuenak izango dira partidak, beti ere pala modalitatekoak.
«Alde guztien beharrak asetzeko, talde guztien entrenamenduak, partidak eta beste herritarren erabilerak uztartu behar izan dira. Lana, egokitzapena eta akordiorako nahia eskatu du horrek, baina lortu da alde guztien beharrak asetzea. Elkarlanerako prestutasun hori txalotu, balioan jarri eta eskertu nahi dugu», adierazi du Galdakaoko Udalak.