Martxan dago Pontzi Zabala kaleko lehen aldapa mekanikoa
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Pontzi Zabala kalean Udalak egingo dituen hiru arrapala mekanikoetatik lehena erabili daiteke jada. Adineko pertsonek horrela eskatuta eta irisgarritasuna errazteko asmoz, bi norabidekoa da, igotzekoa eta jeistekoa.
Galdakaoko Udalak Pontzi Zabala kalean hiru aldapa mekaniko egingo zituela ezagutzera eman zuen pasa den apirilean. Dagoeneko lehen arrapalaren lanak amaitu dira eta martxan dago «herritarren irisgarritasuna errazteko» helburuz.
Lehen garaje sarrerara arteko zatia da erabili daitekeena. «Orain, Juan Bautista Uriartetik Zabaleara igo nahi badugu, lehenik eta behin badugu aurrez eginda zegoen igogailua, eta hortik lehen arrapala hau hartzeko aukera», azaldu du Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak.
Arrapalak bi norabide ditu, igotzekoa eta jeistekoa, adineko pertsonek horrela eskatu dutela. «Igoera nekeza bada, jeitsiera arriskutsua dela ohartarazten dute mugikortasun arazoak dituztenek», adierazi dute Udaletik. Gainera, estalia dago, «herritarrak euritik babesteko, batetik, eta bestetik, arrapalak urez blaitzean irrist egiteko arriskua txikitzeko helburuz».
Behin lehen arrapala eginda, gainaldeko zatia egitea geratzen da. Zabaleara arteko lotura egiteko beste bi arrapala mekaniko eraikiko dira, ezin delako zati bakarrean egin tartean dauden garajeetako sarreren ondorioz.
Halaber, lehen fase honetan zaborren bilketa neumatikorako sistema jarri du Udalak Pontzi Zabalan, edukiontziak aldatu dituela. Berriek zaborra sartzeko ahoa gainaldean dute, tapa ixtean zaborra barneratzeko sistema dute, eta zabaltzeko ez da edukiontzia eskuekin ukitu beharrik.
Udalaren esanetan, «erosotasuna, garbitasuna eta higienea handituko dira horrela» eta hurrengo astean erabili ahal izatea aurreikusita dago.