Mugikorra modu osasuntsuan erabiltzea sustatzeko lau saio eskainiko dituzte Torrezabalen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Freepik
Mugikorra modu osasuntsuan erabiltzea sustatzen duen Zeos programa jarri dute martxan Galdakaon eta honen baitan lau saio eskainiko dituzte otsailean zehar. Programaren helburua «telefonoaren adikzioari eta nerabeen arazo mentalei aurre egiteko lanketa integrala» egitea da.
Zergatik geratzen dira hainbeste gazte beren telefonoan kateatuta? Zer ezkutatzen da sare sozialetan eta zein dira sare horien benetako funtzionamendua, inpaktu kognitiboa, emozionala eta mentala? Galdera hauei eta beste askori erantzuteko asmoz, Zeos programa jarri du martxan Galdakaoko Udalak.
Programaren helburua telefonoaren adikzioari eta nerabeen arazo mentalei aurre egiteko lanketa integrala egitea da eta lau saio eskainiko dituzte horretarako. Hauek dira data bakoitzean landuko diren gaiak:
- Otsailak 5, eguaztena: Mugikorraren auzia: zer dugu esku artean?
- Otsailak 6, eguena: Adingabeen buruko gaixotasun ohikoenak: prebentzioa eta kontentzioa
- Otsailak 12, eguaztena: Nola eraiki harreman osasuntsu bat mugikorrarekin
- Otsailak 13, eguena: Nerabezaroa: beldurrak, balioak, autoestimua…
Saio guztiak 18:00etan izango dira Torrezabal Kultur Etxean eta aurretik izena ematea derrigorrezkoa ez den arren, «komenigarria» dela adierazi du Udalak. Webgune bitartez egin daiteke.