«Natural bezain demokratikoa», Nerea Urgoiti
Lerroartean
Nerea Urgoiti Galarza
BINKE / 2022ko ekaina
Natural bezain demokratikoa
Gabriel Arestiren berbak moldatuz hasiko dot gaurko gogoeta: «Nire amamaren etxea defendituko dut, otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra, defenditu eginen dut nire amamaren etxea».
Gure amamak urte batzuk atzera eman zuen azken arnasa, udazkena zen eta bere tokilla berdea sukaldeko aulki hutsean utzita negua izoztu zitzaigun. Ez ditut ahaztekoak bere azken berbak, emakume kementsu baten odol beroak gure barruak borborka jarriz. Anbulantziara bidean medikuari «Galdakaora» entzun, eta haserre eskua gogor helduz «Galdakora? Ez goaz ospitalera ala?».
Bai, amama usansolotarra zen, bertan jaioa. Bertan hazi, hezi eta zahartutakoa. Eta bere hazietatik hezi gara ingurukoak ere, sustrai beretik eraiki genuen iragana, oraina eta etorkizuna. Eraiki zuten/dugu gure nortasuna, herriarekiko maitasuna, eta oparoa izan da oihartzuna.
Askorentzako alperreko borroka galdua izango da, beste askorentzako erabakitze eskubidearen aldeko ariketa demokratiko hutsa, baina guretzako errealitateari inposatutako maskara kentzea baino ez da, benetan aske bizitzeko aukera. Hausnartzekoa da adibidez Galdakaoko Gazte Eguna gure herriko jaietan ospatzea naturaltasunez onartzen dugun heinean Usansoloko Gazte Eguna Bediako jaietan jartzea ulergaitza egiten zaigula.
Martxoaren 27an loratu zen udaberria eta ezin azal daiteke orduantxe bizitakoa. Indartsua izan da herriaren erantzuna, indartsu bezain irmoa. Beraz, naturala litzateke herri oso baten erabakia behingoz errespetatzea, natural bezain demokratikoa.
Borroka hasi zenuten amamengatik, zuengatik, jarraituko dugu gure herriaren bidea.