Oihane Gutierrezek hondartza boleiboleko Euskadiko Txapelketa irabazi du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: CV Sestao
Hondartza boleiboleko emakumezkoen Euskadiko Txapelketa lehiatu zen domekan, maiatzak 28, Sestaon. Honetan Oihane Gutierrez galdakoztarrak parte hartu zuen Nere Ruizekin batera eta bikoteak lehen postua lortu zuen.
Oihane Gutierrez galdakoztarrak emaitza onak lortu ditu denboraldi honetan zehar. Binkek jaso zuenez, duela aste batzuk hondartza boleiboleko Erreginaren Kopa lehiatu zuen Menorcan eta garaipena lortu ez arren, lan ona egin zuen Nerea Ruizekin batera.
Domekan beste titulu bat lortzeko aukera izan zuen Sestaon eta hau bai, eskuratu zuen. Ruizekin batera ere, hondartza boleiboleko Euskadi Txapelketa lehiatu zuen eta txapeldun izan ziren.
CV Sestaotik taldeko kide diren Gutierrez eta Ruiz zoriondu dituzte, egindako lanagatik. Halaber, Ziortza Tejedor eta Ane Briz, eta Uxue Lorenzo eta Irene Iglesiasen lana goraipatu dute, hurrenez hurren bigarren eta hirugarren postuak lortzeagatik.