Patxiren aurkako etxegabetzea bertan behera uztea aztertzeko prest dago Kutxabank
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Etxebizitza Sindikatua
Hilabeteetan zehar mobilizazioak egin dituzte Patxi pentsiodun galdakoztarraren etxegabetzea salatzeko. Atzo batu zen Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuko kideekin batera Kutxabankeko arduradunekin eta etxegabetze prozesua bertan behera utzi eta konponbideak aztertzeko prest dagoela jakinarazi zieten.
Erretiroa hartu berri, bere familiaren etxea erosi nahi zuen Patxi galdakoztarrak eta horretarako mailegua eskatu zuen Kutxabanken, baina pandemia tarteko orain ezin izan dio maileguaren ordainketari aurre egin. Honen aurren, etxegabetze prozesua hasi zuen Kutxabankek.
Ordutik, hainbat mobilizazio antolatu ditu Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak auzokideekin batera, Binkek jasotako moduan. Egoerarekin «sentsibilizatuta», Patxirekin batzea onartu zuen Kutxabankek eta atzo egin zuen bilera arduradunekin. Honetan, etxegabetze prozesua bertan behera utzi eta konponbideak aztertzeko prest dagoela jakinarazi zion bankuak.
Maileguaren ordainketari aurre egin ezinean, Patxik eta Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak alokairu sozial bat ordaintzea proposatu diote Kutxabanki. «Momentuz bilera honetan paperak errepasatzen egon gara. Ebazpena hilaren 30ean helaraziko digutela esan digute», azaldu dute sindikatutik Patxirekin batera argitaratu duten bideo batean.
«Kutxabankek gurekin esertzea onartu badu, azkeneko hilabeteetan egindako mobilizazioei esker izan da, jasotako babes beroaren ondorio. Erne egon beraz! Gauzak okertzen badira lanean eta borrokan jarraitu beharko dugu», adierazi dute.