
Torrezabalen 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu dute domekarako
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Torrezabal Kultur Etxeak 30 urte bete ditu aurten eta hau ospatzeko ekitaldi berezia antolatu dute domekarako, azaroak 24. Musika, antzerkia, bideoak eta sorpresak izango dira «herriak herriarentzat antolatutako ekitaldian».
Galdakoztarren kultur topagunea den Torrezabal Kultur Etxeak 30 bete ditu aurten eta ospakizunetan murgilduta dago aretoa pasa den irailetik, Galdakaoko Udalak horretarako prestatutako egitarauarekin. Honen baitan, 23 ikuskizun eskainiko dira aretoan abendura bitarte, BINKEk jaso zuen moduan.
Domeka honetarako ordea, ekitaldi berezia prestatu du Udalak, Maximo Moreno Musika Eskolarekin eta Pako Revueltasekin batera. Aktore galdakoztarra zuzendaritza artistikoaz arduratu da.
Hitzordua 12:30ean hasiko da eta «herritarrek herritarrentzat sortutakoa». Hala, bazkideak, sortzaileak, herriko elkarteak, herritarrak eta duela 30 urteko eta gaur egungo udal ordezkariak batuko dira bertan.
«Egun batean bilakatu zen bizigai» urteurreneko leloa Arkaitz Estiballes bertsolariak eman dio, duela 30 urte Torrezabali izena eman zion bertsolari berak. Leloak adierazitakoari jarrituz, musika, antzerkia, bideoak eta sorpresak izango ditu ekitaldiak.
Sarrera doakoa izango da eta bertaratu ahal izateko gonbidapena beharko da. Herritarrek datorren bihar, azaroak 20, arratsaldetik aurrera eskuratu ahalko dituzte gonbidapenak ohiko lekuetan: Udalaren webgunean, Torrezabaleko totemean edo leihatilan.