
Trafiko mozketak izango dira domekan Galdakaon eta Usansolon, Binakako Duatloiaren ondorioz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
Domekan, martxoak 16, Usansoloko Duatloiaren bigarren edizioa antolatuko du U113 Triatloi Taldeak. Honen ondorioz trafiko mozketan izango dira herrian, eta baita Galdakaon ere. Mozketen xehetasunak batu ditugu albiste honetan.
Bigarren urtez, Usansoloko Binakako Duatloia antolatuko du U113 Triatloi Taldeak domekan, martxoak 16. Lasterketa 11:00etan hasiko da eta aurreko edizioan bezala parte-hartzaileek 5 kilometro egingo dituzte korrika, beste 20 bizikletaz eta azkenik 2,5 kilometro korrika berriz.
Ibilbideak hainbat kale hartuko ditu eta horren ondorioz trafiko mozketak izango dira Usansolon, eta baita Galdakaon ere. Usansolori dagokionez, 11:15etik 11:45era, ibilgailuen zirkulazioa itxita egongo da N-240 errepideko eskuineko erreia, Gorosibaiko biribilgunetik El Galloraino. Halaber, 12:00etatik 12:45era, ibilgailuen zirkulazioa itxita egongo da N-240 errepideko eskuineko erreia, El Gallotik Usansoloko Ospitaleraino.
Galdakaon aldiz, N-634 errepidetik Elorritxuetarako igoera eta jaitsiera (BI-3732) debekatuta egongo da 11:20etik 12:40ak arte. Beraz, Askarri, Altamira eta Padrola auzoak izango dira kaltetuak. Lehenengora sartzeko eta irteteko aukera izango da N-634 errepidetik, bigarrenera Elexaldetik sartu eta irten beharko da, eta Padrolako auzokideak ezin izango dira BI-3732 errepidera sartu edo irten errepideak itxita egongo diren ordutegian.