Trafikorako panel berriak probatzen dabil Galdakaoko Udala
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Smart Galdakao proiektuaren barruan, trafiko panelak probatzen dabil Galdakaoko Udala. Aparkalekuetan dauden leku libreak zenbatzeko panelak dira eta autobideko irteerako biribilgunean jarritakoa da momentuz probetan dabilena. Gehiago jarriko ditu Udalak hurrengo asteetan.
Udalerria eta honen kudeaketa modernizatzeko helburuz, Smart Galdakao proiektua jarri du martxan Galdakaoko Udalak. Binkek jaso zuen moduan, martxoan bederatzi panel jarri dituzte herrian zehar. Panel hauei esker albisteak, agendari buruzko informazioa, eguraldia, ordua eta beste hainbat datu ezagutu ahal herritarrek.
Oraingoan ordea, trafiko panelak ezartzen dabil Galdakaoko Udala. Aparkalekuetan dauden leku libreak zenbatzeko panelak dira eta autobideko irteerako biribilgunean jarritakoa da probetan dabilena, hain zuzen ere.
Orotara hiru jarriko dira funtzionamenduan ondorengo egunetan: Plazakoetxen, Zabalganen eta autobideko irteeran. Oraingoz, Lapurdi, Iturrondo eta Urretako aparkaleku rotatorioetako informazioa emango dute; bakoitzak libre zenbat plaza dituen erakutsiko du panelak, eta non dauden.
Horretarako bi sistemaz baliatuko dira: edukiera kontuan hartuko duen zenbaketa sistema izango du Kurtzeko aparkalekuak, eta sarrera-irteerak kontrolatuko dituzte Lapurdikoan eta Urretakoan.