Urrian Joseba Tapia, Oreka TX, LauSo eta Izaro Galdakaon, Musika Bizianen alternatiban
Andra Mari Dantza Taldea
BINKE / 2020ko urria
Urrian Joseba Tapia, Oreka TX, LauSo eta Izaro Galdakaon, Musika Bizianen alternatiban
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Urtero Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak antolatu ohi duen Musika Bizian jaialdia aurten ezin izango denez ospatu, jaialdi horren batzordeak alternatiba bat prestatu du urrian datozen lau larunbatetarako: Joseba Tapia, Oreka TX, LauSo eta Izaro.
Egitasmo asko bere horretan utzi ditu Covid-19ak eragindako pandemiak. Kasurik onenetan, atzeratu edo egokitu egin dira martxoaz geroztik mundu osoan eskaini behar ziren ekitaldiak. Baina kasurik txarrenean, bertan behera geratu dira. Horietariko bat izan da aurten seigarren edizioa bete behar zuen Musika Bizian jaialdia.
Musikazaleentzat urriko azken asteburua hitzordu garrantzitsu bilakatu du Galdakaon Andra Mari Dantza Taldeak, baita Euskal Herriaren estatus politiko eta kultural antzekoan dauden herrialdeak ezagutzeko grina dutenentzat ere. Musika Bizian, estaturik gabeko nazioen musika jaialdia, neurri eta oihartzun handiagoa hartzen aritu da azken urteetan, aurten gaitza mundialak jota ibilbide horretan bere burua eten bat egitera ikusi duen arte.
Hala ere, jaialdia bere osotasunean antolatzea ezinezko izango badute ere, Andra Mari Dantza Taldeko kideek horren «alternatiba» antolatu gura izan dute datozen urriko lau larunbatetarako, eta horren berri eman dute gaur Torrezabal Kultur Etxean eskainitako prentsaurrekoan Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Olaia Parra kultur zinegotziak eta Jon Gomez Garai jaialdiko arduradunetako batek.
«Aurtengo jaialdirako prestatuta geunkana bertan behera utzi behar izan dogu, besteak beste, atzerritik etorri behar ziran taldeek be ezin izan dabelako etorri», azaldu du Gomez Garaik, eta gaineratu: «Beste leku batean bada be, mantendu ahal izan dogun kontzertuen kontratu bakarra Joseba Tapiarena izan da, aurten formatu barri eta osoago bategaz datorrena gainera». Iñigo Hernando alkateak nabarmendu eta eskertu gura izan du Andra Mariren malgutasuna, «horrelako egoera baten aurrean, jaialdiaren alternatiba bat prestatzeko hartu daben arduragatik». «Alternatiba hori ez da Musika Bizian deituko, ez dalako jendeak buruan daukana izango, horregatik Andra Marikoek Bizi Musika deitu diote kontzertu ziklo honi», gaineratu du Olaia Parra zinegotziak.
Horrela ba, datorren larunbatetik aurrera, datozen lau zapatuetan Galdakaora goi-mailako lau talde hauek etorriko dira, Bizi Musika izena jarri dioten jaialdiaren baitan:
- Urriak 10, Joseba Tapia, 20:30ean Torrezabal Kultur Etxean.
- Urriak 17, Oreka TX, 21:00etan Torrezabal Kultur Etxean.
- Urriak 24, LauSo, 20:30ean Elexaldeko Andra Mari elizan.
- Urriak 31, Izaro, 20:30ean Torrezabal Kultur Etxean.
Sarrera doakoa izango da lau kontzertuetarako, eliza edo aretoaren aforoa bete arte —kontuan hartuta pandemia garaian gaudela eta edukieran murriztapenak daudela—. Segurtasun neurri guztiak betearaziko dituela ziurtatu dute Andra Mari Dantza Taldeak eta Galdakaoko Udalak.