Valencia de las Torreseko ordezkaritza Galdakaora heldu da
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Extremadurako Valencia de las Torres herriko ordezkaritza Galdakaora heldu da, herri bien arteko seindetzaren 25. urteurrena ospatzeko. Galdakaoko Udalak harrera egin dio udaletxean eta Agustin Aizpuru Usansoloko alkateak ere parte hartu du ekitaldian.
Mila pertsona inguruk Valencia de las Torrestik Galdakaora eta Usansolora migratu zuten 1950eko hamarkadan eta mugimendu hark «arrasto handia» utzi zuen hiru herrietan. Elkar eragite eta aberaste horren aitortza gisa, senidetze-akordioa sinatzea erabaki zuten Galdakaoko eta Valencia de las Torreseko udalek 1998an.
Badajozen izan zen sinadura eta horren ostean Valencia de las Torres herriko ordezkariek Galdakaora lehen bisita ofiziala egin zuten. Orain, 25 urte igaro dira bisita horretatik eta urteurrena ospatzen ari dira gaur, urriak 25. Horretarako, Valencia de las Torreseko ordezkaritza bat gurera etorri da.
Hiru udalerrietako alkateak, Iñigo Hernando, Agustin Aizpuru eta Pedro Escuder, Galdakaoko udaletxean elkartu dira senidetza ospatzeko, eta baita udaletako ordezkariak, Valencia de las Torresetik etorri ziren galdakoztarrak eta migratzaile izan ziren haien seme-alabak ere.
Hiru alkateek herrien arteko elkarbizitzaren garrantzia azpimarratu dute ekitaldian eta Hernandok eta Aizpuruk eguzkilore bat oparitu diote Escuderri oroitzapen moduan. Escuderok ere oroigarri bat eskaini die Galdakaoko eta Usansoloko alkateei. Ondoren, Oinarin Dantza Taldeko Izaskun Fernandezek dantza eskani du udal ordezkarien eta herritarren aurrean.
Ekitaldi honen ostean, arratsaldean, Usansolora joango da Valencia de las Torreseko ordezkaritza eta kiroldegian Jon Maiak eskainiko duen ‘Bi lur, lore bat’ saioa ikusteko aukera izango du. Ostean, Santurtziko Zentro Extremeñoko Brotes de Extremadura dantza taldeak erakustaldia egingo du.