Yolanda Vicente: «Nire bezero asko jada nire lagun bihurtu dira»
Yolanda Vicente, Sam & Dee
BINKE / 2023ko maiatza
Galdakaori lotuta urte mordoa daramatza Yolanda Vicente (1966, Getxo) eta «oso eroso» sentitzen da herrian. Hogeita bost urte bete dira aurten Urki kalean kokatuta dagoen denda ireki zuenetik eta beste hainbat irautea espero du dendariak.
Zenbat urte igaro dira Galdakaon denda ireki zenuenetik? Duela 25 urte ireki nuen denda, 1998ko irailaren 23an. Hasieran frankizia baten barruan nengoen baina urte batzuk horrela eman ostean nik nahi nuen arropa ekartzeko erabakia hartu nuen eta espazioa berdina bazen ere, denda nire kabuz jartzea erabaki nuen. Egia esan oso pozik nago hartutako erabaki horrekin, oso harrera ona izan dudalako beti galdakoztarren artean.
Asko aldatu da janzteko modua urte guzti hauetan? Bai, noski, argazkiak ikustea baino ez dago. Moda etengabe aldatzen doa eta jendeak azken nobedadeak eskatzen ditu egunero. Adina edozein izanda ere, aldizkari eta telebistan ikusten dituzten jantziak izan nahi dituzte emakumeek eta gu horiek eskaintzen saiatzen gara. Nire ustez hori da gakoetako bat: tendentzietara adi egotea. Horretarako gainera gaur egun sare sozialak ditugu, oso tresna baliagarria dena guretzat. Alde batetik tendentziak zeintzuk diren jakiteko erabiltzen ditugu eta bestetik, ditugun produktuak ezagutzera emateko. Teknologiaz baliatzea gaur egun ezinbestekoa da nire ustez.
Eta kontsumitzeko modua, ezberdina da? Bai, eta asko somatzen da jantzi motetan. Lehen jendeak denbora luzez iraun behar zuen arropa nahi zuen, erderaz fondo de armario deitzen dana. Orain egunero arropa ezberdina eraman nahi dugu eta jai bat ospatuko dugun bakoitzerako adibidez soineko baten bila goaz. Hau oso presente izan behar dugu, izan ere, prezioetan ere eragina du, ezin dugulako arropa oso garesti jarri.
Zelan ikusten duzu, gurean, negozio txikien egoera? Ba Galdakaon zorionekoak garela uste dut. Egia da saltegi handiek min handia egiten dutela baina jendeak asko erosten du herriko dendetan. Alboan ditudan negozioen jabeekin komentatzen dut beti, oso herrikoia dela jendea hemen. Ni Algortakoa naiz baina oso gustora sentitzen naiz hemen, hain zuzen horregatik.
Herritarren babesa sentitzen duzu? Bai, oso babes handia. Asko eskertzen diet nire bezero fidelei urte guzti hauetan emandako babesa, azken urteetan izandako egoera zailean ere nire dendara etortzen eta erosten jarraitu dutelako. Nire bezero asko jada nire lagun bihurtu dira eta hori niretzat oso polita da, nire lanaren emaitza ikusten delako.