Zazpi urte bete ziren atzo Galdakaoko pentsiodunak batzen hasi zirenetik
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Pentsiodunen Mugimendua
Astelenehero moduan, Kurtzeko plazan batu ziren atzo Galdakaoko pentsiodunak, «1.080 euroko gutxieneko pentsio duina» eskatzeko. Zazpi urte bete dira batzen hasi zirenetik eta urteurrena baliatuta, Iñigo Hernando alkateak ere parte hartu zuen atzoko hitzorduan.
Galdakaoko Pentsiodunen Mugimendua Kurtzeko plazan batu zen atzo, urtarrilak 20, astelehenero egiten duen moduan. Atzoko hitzorduan zazpi urte bete ziren Galdakaoko pentsiodunak mobilizatzen hasi zirenetik «pentsio duinak» eskatzeko.
Zazpigarren urteurren hau baliatuta, Iñigo Hernando alkatea gonbidatu zuten mobilizazioan parte hartzera. Bertan izan zen Hernando eta mugimenduko kideek gaur egun lantzen ari diren kanpaina azaldu zioten.
Pentsioen osagarria bermatzeko Herri Ekimen Legegilea eraman nahi dute Eusko Legebiltzarrera, eta sinadura bilketa egiten ari dira horretarako.
Egitasmoa sindikatuei eta alderdiei aurkeztu ondoren, udal agintariei aurkezten ari dira orain.
Alkateak, mugimenduko kideen eskutik jasotako informazioa eskertzeaz gain, «euren etorkizunaren alde eta, batez ere, Galdakaoko ondorengo belaunaldien alde» egiten ari diren lana eskertu zien pentsiodunei.