Maite Villamor, lehenengo emakume autobus gidaria
BINKE / 2025eko azaroa
«Ez dut inoiz diskriminaziorik sentitu emakumea eta gidaria izateagatik»
· Maite Villamor García
1949, Bilbo
Bilbon egin zituen ikasketak eta han bertan hasi zen lanean, autobus zerbitzua eskaintzen zuen enpresaren lehiatiletan. 21 urte zituela ‘Azulito’ autobuseko gidaria izateko aukera eskaini zioten eta azterketak lehenengo saiakeran gainditu ondoren, Espainiar estatuko lehen emakume autobus gidaria bihurtu zen. Zazpi urte eman zituen lan horretan eta ondoren Galdakaon hasi zen lanean, dinamitariekin.
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai eta Maite Villamorrek bidalitakoak
Gizonen munduan bere lekua aurkitu zuen emakume aitzindaria da Maite Villamor. Galdakaon urte luzeak bizitzen daramatzan bilbotarra Espainiar estatuko lehenengo emakume autobus gidaria izan zen. 21 urterekin hasi zen Bilboko ‘Azulito’ autobusa gidatzen eta zazpi urte inguru eman zituen zerbitzu horretan, Galdakaora dinamita fabrikara lan egitera etorri arte. Villamorrekin elkartu da BINKE, eta urte guzti horiek emandakoaren inguruan hitz egin digu Villamorrek.
Faltan nabaritzen duzu autobus bat gidatzea? Noski. Utzi nuen unetik askotan pentsatu du zenbat faltan nabaritzen dudan autobus bat gidatzea. Etxean nik gidatu dut kotxea beti, baina ez da berdina.
Txikitan noizbait pentsatu zenuen autobus bat gidatuko zenuenik? Inoiz ez! Txikitan ofizio tipikoetan pentsatzen nuen: medikua, abokatua, erizaina… Baina ez genuen emakume gidarien erreferenterik, beraz, ezinezkoa zen horretan pentsatzea.
Nola sortu zen Bilboko ‘Azulito’ autobuseko gidari izateko aukera? Gaztea nintzela Bilboko autobus zerbitzuen enpresan lan egiten nuen, lehiatiletan, eta enpresak bat-batean esan zigun gidari izateko aukera eskaintzen zigula. 21 urte nituen eta asko pentsatu gabe, baietza eman nuen eta 12 emakume hasi ginen formazioarekin. Hilabete batzuk egon ginen formazioan eta benetan gidatzen genekien arte ez ginen azterketak egiten hasi. Horietara aurkeztu ginen hamabi emakumetatik seik bakarrik lortu genituen gidari izatea.
Zenbat emakume gidari zeuden Espainiar estatuan hasi zinenean? Bat ere ez. Gogoratzen dut nik pertsonalki zapatu batean egin genuela azterketa eta hurrengo astelehenean, bi egun beranduago, hasi nintzen Bilboko ‘Azulito’ izeneko autobusa gidatzen. Beraz, esan daiteke Espainiar estatuko lehen emakume autobus gidaria izan nintzela!

Zelan gogoratzen duzu lehen eguna autobusean? Ilusio handiz egia esan. Formazioan zehar konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala autobusa gidatzea eta nire lehen egunean hori baieztatu nuen.
Nola erantzuten zuten bidaiariek emakumeak gidatzen ikustean? Ba denetarik zegoen baina orokorrean oso ondo. Jendeak asko errespetatzen gintuen eta oso jatorra zen gurekin. Opariak ekartzen zizkiguten askotan eta hasieran batez ere zoologiko batean zeuden animaliak bezala ginen. Familia osoak etortzen ziren domeketan gu ikustera autobusetara eta barregarria zen batez ere umeek nola erantzuten zuten. Ez zeuden emakumek horrelako egoeretan ikustera ohituta.
Emakume izateagatik diskriminaziorik bizi izan zenuen? Nire kasuan ez, benetan. Beti entzuten dituzu komentario batzuk baina momentu politak hainbeste ziren, besteak aldera batera utzi eta oso zoriontsu nintzela.
Anekdota bereziren bat gogoratzen duzu? Ba gogoratzen dut adibidez gizon bat nire lanaldi osoa eman zuela nirekin autobusean bueltak eta bueltak ematen eta opari bat ekarri zidala ere. Nirekin maitemindu omen zen eta nik asko barre egin nuen egun horretan, benetan.

Zenbat urte eman zenituen autobusa gidatzen? Zazpi urte inguru eman nituen ‘Azulito’ autobusarekin Bilbo zeharkatzen nuen lan-eskaintza hobe bat heldu zitzaidan arte. Autobusarekin asteburu ia guztietan lan egiten nituen eta horretaz nahiko nazkatuta nengoen. Eskaintza Galdakaotik heldu zitzaidan, dinamita fabrikati,k eta elkarrizketa egin eta 15 egunetara han hasi nintzen lan egiten. Galdakaokoak baldintza askoz hobeak ziren baina pena itzelez utzi nion autobusa gidatzeari, benetan gustatzen zitzaidalako. Autobusarekin hainbeste asteburutan lan ez egiteko aukera izan banu, horixe egingo nukeen. Oso argi neukan eta daukat. Esan beharra dago ere, lana urte batzuetara mugatua zegoela, ezkontzen ziren momentuan kaleratzen zituelako emakumeak Bilboko autobusak kudeatzen zituen enpresak.
Galdakaoko dinamitariekin nolakoa zen lana? Ba askoz aspergarriagoa, jajaja! Gehiago kobratzen genuen arriskuagatik eta baldintza onak genituen baina nik aurreko lana gustoko nuen. Urte asko eman nituen han eta oso gustora nengoen gainerako emakumeekin. Baina nostalgia beti egon da hor.
Galdakaon lan egiten hastean etorri zinen hona bizitzera? Hasieran joan-etorriak egiten nituen Bilbotik, han bizi ginelako nire senarra eta biok. Nire alaba Nerea jaio eta hiru urteetara ordea, Galdakaora mugitu ginen eta ordutik oso pozik nago hemen. Hori bai, bilbotarra sentitzen naiz oraindik, jajaja!
Emakume aitzindari moduan, zelan ikusten duzu zuen eskubideen garapena guzti hauetan? Ba asko hobetu dugula uste dut. Gidari emakume asko daudela ikusten dut gaur egun eta egoera gero eta gehiago hobetzen joango dela uste dut. Asko dagoela egiteko? Noski. Oraindik daude zapalduak sentitzen diren gizonak eta pentsamendu horiek gazteei heltzea ekiditu behar dugu. Haiek dira etorkizuna eta atzera pausoak ematen badituzte, emakumeok eskubideak galtzen joango gara, gutxinaka bada ere. Kontuz ibili behar gara eta elkarri lagundu behar diogu. •








