«A Good Man», Urtzi Gartzia
Urtzi Gartzia Gogeaskoetxea
BINKE / 2018ko azaroa
A Good Man
Ahozko epaiketak iraun bitartean ezin izan dut burutik kendu Rob Reinerrek zuzendutako filma. «A Few Good Men» —gizon on batzuk— eta Cabacas auziaren arteko ezberdintasunak agerikoak diren arren, badaude antzekotasunak. Hasteko, «A Few Good Men» fikzioa da eta Cabacas auzia errealitate hutsa. Baina filmean bezala, egia jakiteko oztopoak berdin etorri dira erakundeetatik. Areago, ez Jessep koronela —Jack Nicholson—, ez Ugarteko —Iñaki Larrea— ertzainburua, ez dira akusatuen aulkian eseri. Momentuz, epaimahaiak epaia ebatzi bitartean, susmoa dut bi kasuen emaitza ere desberdina izango dela. Kontua da, Hollywoodeko fikzioan erruduna, «kode gorria» aplikatzeko agindua eman zuena, zigortua dela eta administrazioaren izen ona bermatua. Gurean, «guztiarekin sartzeko» agindua eman zuenak erantzukizunik ez duela erabaki zuten fiskaltzak eta instrukzio epaileak. Auziperatuen absoluzioak Ertzaintzari eta justizia sistemari onik egingo dien ala ez, zalantzak ditut. Agian, auziak bere bidea Estrasburgon bukatzen duenean, euskal zineak istorio erreal batetik abiatuta, Cabacas auzia mundura zabalduko duen «A Good Man» filma egingo du. Guretzat, Inigo Cabacas beti izango baita gizon on bat.