Aldi baterako enplegu erregulazioa egingo du Bridgestonek Usansoloko lantegian
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Bridgestone enpresak hainbat lantegitan aldi baterako enplegu erregulazioak egiteko asmoa duela azaldu die sindikatuei, eskaera-murrizketengatik. Horietako bat Usansoloko fabrika da, ‘Josefina’ izenez ezaguna dena.
Bridgestonek hainbat lantegitan aldi baterako lan-erregulazioak planteatzeko asmoa duela jakinarazi die sindikatuei. Ohar batean azaldu dutenez, enplegu erregulazioa lau lantegi hauetan egingo dute: Usansoloko ‘Josefina’, Basauri, Puente de San Miguel eta Burgos.
Enpresak adierazi duenez, aldi baterako enplegu erregulazioko espediente hau «beharrezkoa da biltegietako gehiegizko stockagatik eta aurreikusitako eskari-murrizketagatik». «Merkatuaren egungo egoera konplexuak» eragindakoa da eta «lantegien eraginkortasuna, lehiakortasuna eta etorkizuna bermatzeko» helburua du.
Usansoloko eta Basauriko lantegietan guztira 1.000 langile inguru daude egun eta Bridgestonek ez du zehaztu momentuz zenbati eragingo dien erregulazioak.