Alvaro Iglesias galdakoztarra 3. RFEF mailako goleatzaile nagusietakoa da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Portugalete Futbol Taldea
Denboraldia hasita zegonean heldu zen Alvaro Iglesias galdakoztarra Portugalete Futbol Taldera. Hala ere, aurrelariak zazpi gol sartu ditu jada eta 3. RFEF mailako laugarren taldeko goleatzaile nagusietakoa da, hainbat astetan zehar kategoriako onenen artean izan delarik. Berarekin hitz egiteko aukera izan du Binkek.
Zamudio utzi eta Portugalete futbol taldera heldu zen Alvaro Iglesias galdakoztarra bosgarren jardunaldian. Klubak fitxaketa «laguntza handia» moduan iragarri zuen eta horrela izan da orain arte, izan ere, aurrelariak zazpi gol sartu ditu eta 3. RFEF mailako laugarren taldeko goleatzaile nagusietakoa da.
Azken partidan golik sartzea lortu ez bazuen ere, —Portugaletek golik gabe berdindu zuen Anaitasunaren kontra— dinamika onean dabil futbolari galdakoztarra. «Une pertsonal ona da, baina argi dago aurrelariok gainerako taldekideek egiten duten lanetik bizi garela, eta golak sartzen direnean, arduraren zati handi bat taldekideena da», azaldu dio galdakoztarrak Binkeri.
Denboraldi amaierara arte horrela jarraitzea espero du: «Horretarako lan egiten dut, eta liga amaitzea espero dut, lehenik eta behin helburu kolektiboak lortuz, eta bigarrenik, neureak, hau da, zenbat eta gol gehiago sartu, orduan eta hobeto».
Pasa den asteburuan Anaitasunaren aurka jokatu zuten etxean eta golik gabe berdindu. Aurkari zuzena izanda, emaitza ona. «Urtea ondo hasi genuen, etxean garaipen batekin. Baina azken bi partidetan ez dugu gure jokorik onena garatu eta ezin izan dugu irabazi. Hala ere, ziur nago egoerari buelta eman ahal izango diogula», azpimarratu du futbolariak.
Egun 3. RFEF kategoriako laugarren taldeko seigarren postuan daude —lehenengoa zuzenean igotzen da mailaz eta bigarren eta bosgarren postuen artean geratzen direnek playoff-a jokatzen dute—. Hortaz, 2. RFEF mailara igotzeko helburu horren bidean daude. «Argi dago ez gaudela gure unerik onenean, baina oraindik denbora dago egoera aldatzeko eta ziur nago denboraldiaren amaieran lor dezakegula», adierazi du Iglesiasek.