Arantza Gallastegik Emakumezkoen Txapeldunen Ligako finalaren aurkezpenean parte hartu zuen
UEFA Women’s Champions League txapelketako finala Bilboko San Mames zelaian antolatuko da maiatzaren 25ean. Atzo egin zuten partidaren aurkezpena eta besteak beste, Arantza Gallastegi epaile galdakoztarrak parte hartu zuen ekitaldian.
Maiatzaren 25ean emakumeak izango dira protagonista Bilbon, zehazki, emakume futbolariak. Emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala hartuko du San Mamesek egun horretan eta atzo, martxoak 6, egin zuten partidaren aurkezpena zelaian.
Hitzordu honen harira benetako tamainadun brontzezko eskultura bat jarri dute Bilboko Poza Lizentziatuaren kale amaieran. Estatuak Nahia moduko neskatoak irudikatzen ditu eta Juan Villa artista eta eskultoreak, Capa Esculturasen laguntzarekin batera, egindakoa da.
Euskal erakundeetako ordezkariek, UEFA, RFEF, Euskadi, Araba, Gipuzkoa zein Bizkaiko futbol-federazioetakoek, Athletic Clubekoek eta futbol-klubetakoek egin zuten eskulturaren inaugurazioa eguazteneko ekitaldian.
Ostean, San Mamesen aurkeztu zen ‘Asko dago jokoan’ izeneko kanpaina, eskultura ardatz hartuta. Aurkezpen ekitaldian parte hartu zuen, besteak beste, Arantza Gallastegi epaile galdakoztarrak. Harekin batera izan ziren Alaveseko emakumeen taldeko kirol-zuzendaria Dafne Triviño, Aintzane Encinas Realeko futbolari ohia, eta Euskadiko lehenbiziko entrenatzaile emakumezkoa, Ana Astobieta.
Emakumeen Txapeldunen Ligako finalerako sarrerak martxoaren 8an jarriko dira salgai, 12:00etatik aurrera. Webgune bitartez erosi ahalko dira 15, 20 eta 25 euroko prezioan, kategoriaren arabera.