ARGAZKIAK | Izaskun Rekalderi egindako omenaldia 55 iruditan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Peio Zamalloa
Atzo, abenduak 3, Euskararen Eguna ospatu zen eta honen harira ekitaldi berezia antolatu zen Galdakaon goizean. Torrezabal Kultur Etxean izan zen eta Izaskun Rekalde usansolotarrari omenaldia egin zioten, euskararen alde egindako lanagatik. Emozioz beteriko saioa izan zen eta han izan zen BINKE 55 irudi hauek batzeko.
Euskararen Egunarekin bat egin zuen atzo Galdakaok eta hainbat ekintza antolatu ziren hau ospatzeko, tartean ekitaldi nagusia Torrezabal Kultur Etxean. Emozioz beteriko saioa izan zen, izan ere, BINKEko sortzaileetako bat izan zen Izaskun Rekalde usansolotarrari omenaldia egin zioten, euskararen alde egindako lanagatik.
Joana Lasheras Perez eta Jon Gomez Garai kazetariek gidatu zuten ekitaldia eta musikarekin hasi zen. Pantxoa Karrerek eta bere alaba Naia Karrerek eman zioten hasiera saioari kantuan eta ondoren Udalak euskararekiko hartu dituen konpromisoak aurkeztu zituen, Iñigo Hernando alkatearen eta Edurne Espilla zinegotziaren eskutik.
Jarraian, Bagabiz Euskara Elkarteko kideak igo ziren oholtzara, Udalarekin eta BINKErekin elkarlanean martxan jarri duten ‘Hauspotu’ ekimena aurkezteko. Egitasmoak hizkuntza eskubideen inguruko defentsa eta zabalkunde positiboa ditu helburu. Laster emango du komunikabide honek ekimenaren berri.
Aurkezpenaren ostean Rekalderen lagunen txanda izan zen. Hauek maitasun hitzak eskaini zizkioten eta Arkaitz Estiballesek bertsoak bota zituen jendartetik.
Rekalde Arnas Dezagun eta Pantailak Euskaraz ekimenen sortzaileetako bat izan zen eta hauetako hainbat kide izan ziren ere ekitaldian, sentimenduz beteriko hitzak eskaintzeko usansolotarraren omenez.
Amaieran aldiz, Karmele Gorroño artista galdakoztarrak egindako ilustrazioa jaso zuten Rekalderen senideek eta Pantxoak beste abesti batzuk kantatu zituen. Honen aurretik Taupada Dantza Eskolak ikuskizuna eskaini zuen Aitormena kantua oinarri hartuz.
Ekitaldiaren amaieran, Agirre Lehendakariaren plazan zain izan zituzten bertaratutako guztiek Ad Libitum txistulari bandako kideak eta Eguzkibegi Ikastolak jarritako txosna, talo eta guzti.
Hau guztia batu zuen ekitaldian izan zen BINKE eta hemen batu ditugu 55 irudi eder hauek: