Azken astean bi eraso matxista salatu dituzte Galdakaon, eta manifestaziora deitu
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Momoak talde feminista galdakoztarrak azken zazpi egunetan herrian gertatutako bi eraso matxista salatu ditu gaur arratsaldean, atxilotu bat tarteko dela. Matxismo horren aurrean kontzentratzera deitu dute biharko.
Azken zazpi egunetan Galdakaon eraso matxista bi eman direla salatu du gaur, osteguna otsailak 9, Momoak talde feminista galdakoztarrak bere Instagram kontuaren bidez. Talde honen arabera, batetik gizon bat atxilotu egin dute «bere bikotekidea jipoitzearren», eta bestetik emakume batek sexu eraso bat salatu omen du.
Horren aurrean, aski dela aldarrikatuz eta «kasu isolatuak ez direla» azalduz, Momoak taldeak kontzentraziora deitu ditu herritarrak biharko, barikua, 19:30ean Santi Brouard enparantzan.
Adierazpen Instituzionala
Galdakaoko Udalaren Adierazpen Instituzionala:
Galdakaoko Udalak, talde politiko guztien adostasunarekin, adierazi nahi du irmoki gaitzesten duela udalerrian azken egunotan gertatu diren bi eraso matxistak. Aldi berean, Udalak babes eta laguntasun osoa adierazi nahi die erasoa jasan duten pertsonei eta haren hurkoei.
Udalak gertaeraren berri izan duen momentutik bertatik eta informazioaren nondik norakoak baieztatu ostean, gaiaren gaineko ikuspegi zehatza eta osoa izate aldera, Protokoloa aktibatu eta premiazko batzarra deitu du informazio guztia batu eta erakundearen erantzuna nahiz biktimarenganako laguntasuna koordinatzeko.
Adierazi gura dugu eraso matxistak Giza Eskubideen urraketa larria izateaz gainera lehen mailako gaitz soziala direla eta berau sufritzen nahiz aurre egiten dioten emakumeen dignitatearen, osotasun fisikoaren eta moralaren aurka egiten dutela.
Hala, bada, Udalak, Giza Eskubideak benetan errespetatzen direla bermatzearen ardura daukan erakunde publikoa izaki, behar diren neurriak sustatuko ditu edozelako eraso matxistaren aurrean, udalerriko entitateen eta hiritarren erantzun argi eta berehalakoa eman dadin, erasotua lehenbailehen artatua izan dadin, indarkeriari aurre egiteko emakumeek behar dituzten jarduera prebentiboak garatu eta erasotzaileen inpunitate soziala onartu ez dadin.
Udalak berba ematen du, bere eskumenen esparruan, indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeak lortzeko lanean jarraituko duela.
Horregatik guztiagatik, udalak babestu egiten ditu mugimendu feministako taldeek egingo dituzten gaitzespen-ekintzak, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu horietan parte hartzera, “Eraso SEXISTARIK EZ” lelopean. Elkarretaratzea gaur, otsailaren 10ean, izango da, 19:30etan Santi Brouard plazan.