Barikupasa ekimena bihar antolatuko da berriz udako etenaldiaren ostean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Talleresinfantiles
Udako etenaldiaren ostean, bihar antolatuko da berriz Barikupasa ekimena Gandasegiko arkupeetan. Arimen Gaua ospatuko dute ume eta familiek 17:00etatik aurrera, Bagabiz Euskara Elkartea, Argizai Eskaut Taldea eta Galdakaoko Udalaren eskutik.
Haur eta helduen arteko harremanaren hizkuntza praktikak aldatu eta euskara gehiago erabiltzeko helburuz Barikupasa ekimena jarri zen martxan. Bagabiz Euskara Elkarteak eta Argizai Eskaut taldeak, Galdakaoko Udalarekin elkarlanean, eskola eremutik kanpo euskararen erabileran eta hizkuntza ohituretan eragiteko asmoa dute egitasmo honekin.
Hilaren azken barikuan antolatu ohi dute eta udako etenaldiaren ostean bihar berriz egingo dute. Zehazki, Arimen Gaua ospatuko dute Gandasegiko arkupeetan 17:00etatik aurrera.
Tailer eta eskulanak izango dira 17:00etatik 18:30era, bi multzotan banatuta: 1. gunea 3 eta 6 urte arteko haurrei zuzendua egongo da, eta 2. gunea 7 eta 11 urte bitartekoei. Eguzkiloreak egingo dituzte, kandela tailerra egongo da, eta aurpegi margotzea ere bai.
Jarraian, 18:30 eta 19:00ak bitartean, ekitaldia egingo da, euskal dantzak eta abarrekin. Azkenik, Arimen Gaueko itxiera bereziaz gozatu ahal izango dute herritarrek.