Barrualde-Galdakaoko ESIak indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa sinatu du Ertzaintzarekin
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Osakidetza
Indarkeria matxista jaso duten emakumeei arreta «osoa» emateko helburuz, koordinazio-protokoloa sinatu dute Osakidetzako Barrualde-Galdakaoko ESIak eta Ertzaintzak. Basauriko Udalak ere bat egin du proiektuarekin eta pasa den eguenean, ekainak 15, aurkeztu zuten erakundeetako ordezkariek.
Indarkeria matxita sufritu duten emakumeei arreta «osoa, babesa eta erreparazioa» bermatzeko helburuz, koordinazio-protokoloa sinatu dute Osakidetzeko Barrualde Galdakaoko ESIak, Basauriko Udalak eta Ertzaintzak.
Pasa den eguenean, ekainak 15, aurkeztu zuten Jon Guajardok, Barrualde-Galdakaoko ESIko zuzendari-gerenteak; Asier Iragorrik, Basauriko alkateak; Edurne Arcek, Ibaizabaleko ertzain-etxeko nagusiak; eta María Larrinagak, Basauriko Udaleko Gizarte Politikako zinegotziak.
Protokolo honen bitartez, «indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta instituzionala indartu eta birbiktimizazioa saihestuko» direla azpimarratu zuten ordezkariek. «Helburu nagusietako bat da indarkeria matxistaren detekzio goiztiarra, baita bizirik atera direnen erreparazioa ere, gure erakundeko udalerri guztietan», azaldu zuen Jon Guajardok.
Horregatik, «kasuei heltzea konplexua denez», Osakidetzako genero-indarkeriaren laguntza-taldeak etengabeko aholkularitza eskaintzen die horren beharra daukaten profesionalei. «Laguntza-talde hori genero-indarkeriaren kasuetan prestakuntza eta esperientzia duten profesional erreferenteek osatzen dute, eta gizarte-laneko unitatearen eta ESIko berdintasun-erreferenteen laguntza dauka», adierazi dute Osakidetzatik.
Barrualde-Galdakaoko ESIari dagokionez, lehen mailako arretako unitate guztiek prestakuntza-saioak egiten dituzte aldian-aldian, unitateko langile guztiak gai honen inguruan sentsibilizatzeko. 2022ko datuen arabera, erakunde honetako 900 profesional inguruk parte hartu zuten genero-indarkeriari edo berdintasunari buruz eskainitako 17 ikastaroetako batean.