Berbalagun ekimenaren ikasturte berria martxan da Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Herriko euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak batzeko helburuz urtero antolatzen den Berbalagun egitasmoaren ikasturte berria martxan da Galdakaon. Hamazortzi talde daude herrian aurten eta astean behin batuko dira.
Aurten ere Berbalagun ekimena antolatuko da Galdakaon, Udalaren eta euskaltegien eskutik. Ikasturte honetako programa dagoeneko martxan da eta atzo aurkeztu zuten Basaurin, izan ere, eskutik aritzen dira Berbalagun programan Galdakao eta Basauri.
Aurkezpenean bi herrietako alkateak, bi herrietan Berbalagun egitasmoaren arduradun direnak eta programan parte hartzen duten kide batzuk batu ziren. «Erakundeen aldetik halako ekimenei bultzada ematea beharrezkoa da, eta are gehiago azkenaldian euskara jasaten ari den erasoak ikusita; beharrezkoa da babesa», azaldu zuen Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak.
Asier Martinek eta Ioritz Lopez de Aldak azaldu zituzten programaren nondik norakoak, Galdakaon dagoeneko hamazortzi talde daudela adieraziz, hauetako lau berriak. Usansolon talde bat dago eta gehiago sortzeko aukera dagoela ere nabarmendu dute.
Taldeak astean behin batuko dira goizez zein arratsaldez eta kafe bat hartzeaz gain, beste ekintza batzuk jorratzeko taldeak sortu dira, besteak beste, mus, paseo, mendi eta eskulan taldeak.
Horietako asko martxan daude honezkero baina aurkezpen jaia azaroaren 14an egingo da Galdakaon, Ganguren tabernan. Aurretik, mendi irteera antolatuko dute urriaren 29an, zehazki, Pastorekortara igoera Basauriko udaletxetik. Halaber, mintzodromoa egingo dute azaroaren 29an Torrezabal Kultur Etxean.
Berbalagun taldeetan parte hartzeko edo informazio gehiago ezagutzeko 607 146 855 telefonora deitu edo galdakao_berba@aek.eus helbidera idatzi daiteke.