Bere bigarren diska aurkeztu du Hatxek Sormenen: «Panpin hautsien dantza»
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
Bere bigarren diska aurkeztu du Hatxek Sormenen: «Panpin hautsien dantza»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Azken egunera iritsi da Sormene, euskal kulturaren eta sormenaren plaza berria. Hala ere, asko du eskaintzeko oraindik azken egun honetan, bai goizez zein arratsaldez. Guztira zortzi emanaldi desberdin egongo dira igande honetan zehar, eta Idoia Hernandez «Hatxek» eman dio hasiera egunari.
Gaur, abenduaren 20a aurkeztu du Idoia Hernandez «Hatxek» bere lan berria Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean, «Panpin hautsien dantza». Badira hiru urte Hernandezek Hatxe proiektua hasi zuenetik, eta hau da bere bigarren lana, honen aurretik kaleratu zuen 2017an «Lehena», bakarlari gisa eta pianoaren laguntzarekin, guztira 15 kantako bilduma osatuz. Soilik instrumentu honen doinuek betetzen zuten hamaika kantarekin batera, Peru Galbeteren ahotsararekin sortutako beste hiru abestik, eta Oscar Manso gitarrajolearekin batera egindako kanta batek ere osatzen dute aurreko diska.
Lan berri honetan, aldiz, bakarlari papera atzean utzi eta beste hiru kidek lagundu dute proiektuan, besteak beste, aurreko diskan parte hartu zuen Peru Galbete ahotsean eta gitarran, Jurdana Otxoa bibolinarekin, eta bi hauetaz gain Ilargi Agirre danborrean izan ditu lagun Hatxek, guztira lau kantaz egindako diska kaleratuz. Nabarmentzekoa da lan berri honetan Hatxek berak ere bere ahotsaren bitartez bete dituela kantak. Berak esandakoaren arabera, «abesti komertzialetatik aldendu eta iraupen luzeko abestiak sortu dituzte, askotan collage teknika erabiliz».
Batzuetan errezitatuz, beste kasu batzuetan berriz abestuz, inprobisazioa erabiliz edota soinu desberdinen errekurtsoak erabilpenaren bitartez osatu dute gaur «Panpin hautsien dantza» Galdakaon. Orokorrean doinu ilunak, eta gehienetan erritmo neurtuak erabiltzeaz gain, tarteka neurri zehaztugabeak ere erabili dituzte. Ahotsei dagokienez, tinbre gozo eta agudoak bai Hatxeren eta baita Peruren kasuan, ulertzeko errazak ez ziren hitzez osaturik, eta askotan polifoniez beterik. Aurrera begira, azken boladan kontzertuak emateko aukera eza izan badute ere, hurrengo kontzertua Valentzian izango dutela jakinarazi du laukoteak.
Larunbatarekin jarraitzeko Hatxerekin batera aritu den Peru Galbetek azken hiru urteetan Usurbil, Urretxu eta Uharte artean idatzi eta grabatutako «Nor zara zu?» diska aurkeztuko du. Hau da bakarkako hirugarren diskoa, eta berak jarri dizkio hitzak eta musika.
Gogoratu saio guztiak Binkeren webgunetik jarraitu daitezkeela streaming bidez.