Bilbo Hiria irratian Galdakaoko eta Usansoloko berriak kontatuko ditu Binkek hilero
ARGAZKIA: Aritz Loiola
TESTUA: Jon Gomez Garai
Paperezko 14.000 aleak, webgunea, ikus-entzunezkoak eta sare sozialak ahaztu gabe, bihartik aurrera Binke gure herrietako albisteak uhinen bidez zabaltzen ere hasiko da: 12:30ean zuzenean, hilero, Bilbo Hiria irratiaren bidez.
Binkeren helburu nagusietariko bat beti izan da, euskaratik eta euskaraz, Galdakaoko eta Usansoloko albiste eta pertsonen berri ematea. Sare sozialetan presente egon arte, hedapen hori paperezko ediziora mugatzen zen hedabide honen hileroko 14.000 aleen bitartez —aldizkariaren beraren bitartez—.
Gaur egun aldiz, papera, webgunea, ikus-entzunezkoak eta sare sozialak erabili ohi ditu Binkek bere herrietako berriak zabaltzeko. Baina urriaren 4tik aurrera beste jauzi polit bat egingo du medio honek, kasu honetan, uhinen bidez: hilabete guztietako lehenengo martitzenetan Binkeko kideetariko batek Bilbo Hiria irratiko eguerdiko magazinean Galdakaon zein Usansolon azken aldian gertatutakoen notiziak kontatuko ditu, zuzenean 12:30 aldera.
Ibaizabal izena du eguerdiko magazinak, Bilbo eta inguruetako berriak zabaltzen dituena. Bada, Galdakaoko eta Usansoloko berriak kontatzeko Binke gonbidatu dute, martitzen honetatik aurrera gurean gertatzen direnak Bilbo eta Bizkai osora zabaltzeko.