BinkeTx jaio da, gure herrikideak ‘txalenge’ baten aurrean proban jartzeko bideoak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Erredakzioa
Binkek erronka xelebreen aurrean, ‘txalenge’ izenez ezagunak, jarriko ditu bi asterik behin Galdakaoko eta Usansoloko herrikideak BinkeTx ekimen berrian. Gaur argitaratu da lehenengo BinkeTx proba Gaizka Chamizo aktore galdakoztarrarekin! Zelako probak izan diren ezagutu gura?
Argi du Binkek denak ezin duela informazioa izan, bizitza serioegia egiten digute beti albisteei begira egoteko. Horregatik, iragarri berri dituen euskarazko txiste laburren ostetik, beste ekimen xume baten berri eman gura du hedabide honek: BinkeTx jaio da, gure herrikideak ‘txalenge’ baten aurrean proban jartzeko bideoak.
Minutu pasatxoko bideo laburretan, Binkeko kameren aurrean eseriko dira Galdakaoko eta Usansoloko pertsonaia desberdinak. Bideo bakoitzean unean uneko pertsonaiak hedabideak jarritako hiru ariketa desberdin egin beharko ditu, beti ere modu umoretsu eta arinean eskaintzeko asmoz.
Lehenengo BinkeTx ariketa, lehenengo ‘txalengea’, Gaizka Chamizo aktore galdakoztarrari egin zaio eta gaur domeka, hilak 12, jarri da ikusgai bideoa Binkeren Instagram eta TikTok kontuetan. Hiru ariketa «gainditu» behar izan ditu Chamizok: hiru begi norenak diren asmatu, hiru gai maitatu ala gorrotatzen dituen azaldu eta toki/pertsona baten eta beste baten artean aukeratu.
Hurrengo BinkeTx ariketa Andrea Arrizabalaga ETBko kazetari eta aurkezleari egingo zaio. Otsailaren 26an izango da ikusgai, domekarekin. Binkeren asmoa, dena ondo bidean, bi asterik behin pertsonaia baten erronkatxoa argitaratzea da, kaleko inkesta arinekin tartekatuta.