Click eta Click: «Argazkigintzarekin lotutako ekintza programa bat garatzen ari gara»
Click eta Click, argazkilaritza elkartea
BINKE / 2018ko uztaila
«Argazkigintzarekin lotutako ekintza programa bat garatzen ari gara»
TESTUA: Ixone Muñiz Arana
ARGAZKIA: Click eta Click elkartea
Galdakaon argazkigintza zaletasun handia badago ere, orain gutxira arte ez zegoen diziplina honetako maitaleak bil zitzakeen elkarterik. Horregatik, eta bide batez argazkigintzaren kultura sustatzeko asmotan sortu zuten Click eta Click argazkilari taldea.
Igartzen duzue badagoela argazkigintzarekiko interesik Galdakaon? Bai, apurka-apurka bagabiltza ezagutzera ematen. Gaur egun 31 bazkide gara eta azken hileetan herritarren interesa handitzen ari dela igartzen da. Gure helburua argazkigintzarekiko zaletasuna edo interesa duten herritarrak biltzea da, edozein udalerritakoak direla ere.
Zer eskainiko die Click eta Click elkarteak argazkizaleei? Argazkigintzari buruz ardura bertsuak dituzten pertsonak harremanetan jartzeko aukera ematen du. Horretarako, argazkigintzaren artean ditugun ezagutzak hobetzea helburu duten hainbat ekintza antolatuko ditugu.
Izango duzue proiekturen bat hurbil… Bai, ekintzarik hurbilena Santa Kurtzeko jaietan parte hartzea da. Jai Batzordeko kide garen aldetik, eta gure elkartearen lehenengo urtea izanik, parte hartu nahi genuen eta gure herriari zerbait berritzailea eskaini. Horretarako, datozen jaietarako lehenengo Argazkilaritza Rally-a prestatu dugu. Herritarrek, horretarako, herria zeharkatu beharko dute kamera eskuan!
Jaietako proposamenaz gain, zein motatako ekintzak antolatuko dituzue? Urritik aurrera —Galdakaoko jaiak amaitzean— martxan jarriko dugun ekintza programa bat garatzen ari gara. Ume zein helduentzako tailerrak antolatu nahi ditugu, eta tailer horiek herriko argazkilariek ematea. Horrez gain, argazkilari adituren baten hitzaldi bat lotu nahian gabiltza, eta erakusketaren bat egiten ere ahaleginduko gara, baina azken hau jardunaldi hori antolatzeko eskain diezaguketen espazioaren araberakoa izango da. Emango diren ikastaroak gaztelaniaz zein euskaraz izatea saiatzen ari gara.
Inoiz esan duzue beste elkarte batzuekin batera lan egitea gustatuko litzaizuekeela. Nola egingo zenukete? Beste elkarte batzuekin elkarlanean aritu gintezke eta eurek egiten duten lana gure kameren bidez erakutsi. Aritu izan gara inoiz elkarlanean beste elkarte batzuekin; adibidez, Erabiderekin, euren lanen argazkiekin erakustaldi bat eginez Basauriko lokal batean, baita ekimen honetara gehitzeko zalantzarik izan ez zuten herriko taberna batzuetan ere.
Zelan uste duzue susta daitekeela argazkigintza? Garrantzitsuena gure lana ezagutzera ematea da, horretarako ekintza honetara ahalik eta hoberen egokitzen den lokal bat edukiz formazio beharrei erantzun eta argazkigintzarekiko zaletasuna pizteko herrian. Argazkigintzaren maitale zareten guztioi gure elkartetik pasatzeko gonbita egiten dizuegu, nola funtzionatzen dugun ikus dezazuen eta nahi izanez gero, bertan izena eman dezazuen. Gurekin harremanetan jartzeko, idatzi helbide honetara: clicketaclick@gmail.com