DHL paketeria zerbitzuko konpainiak lantegi berria inauguratu du Galdakaon
Ekonomia
BINKE / 2022ko martxoa
DHL paketeria zerbitzuko konpainiak lantegi berria inauguratu du Galdakaon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: DHL Express
DHL Express paketeria eta mezularitza zerbitzuko konpainiak martxoaren 10ean Galdakaon inauguratu zuen 6.684 metro karratuko lantegi berria, orduko 2.500 pakete kudeatu ditzakena eta EAEko zein Gaztela eta Leongo zutabe nagusi izango duena.
Paketeria eta mezularitza zerbitzuko DHL Express enpresak Galdakaon inauguratu du bere instalazio berria. Hala, inguru honetan duen posizioa indartu du, Euskadiko eta Gaztela eta Leongo merkataritza-jarduerarako funtsezko lotune gisa. Azpiegitura honek 3.606.000 euroko zuzeneko inbertsioa dakarrela adierazi zuten martxoaren 10ean egindako inaugurazioan. Itzaga industrialdean dago kokatuta instalazio berria.
Gune berri honen azalera, guztira, 6.684 metro karratukoa da; horietatik 1.704 eraikinari dagozkio, 1.142 nabeari, 358 bulegoei eta 204 finger sistemari. Instalazioan guztira sei kai, 30 furgoneta aldi berean kargatzeko finger bat eta 52 kamera daude, bidalketen jarraipena egiteko. Galdakaon egindako inbertsio honekin 2.500 pakete kudeatu ahal izango dira orduko, goizean zein arratsaldean. Beste lantegi batzuetan 1.000 pakete prozesatzen dira goizean eta 300 arratsaldean.
DHL Express Españako zuzendari nagusia, Miguel Borrás, inaugurazioan izan zen, eta Galdakaok konpainiarentzat izan duen garrantzia nabarmendu eta azpimarratu zuen: «Euskadi beti izan da lurralde garrantzitsua guretzat. Zehazki, Bizkaia gure sarearen funtsezko zati bat da. Horregatik, eta merkataritzaren eta bere industria indartsuaren hazkundeagatik, gure azpiegiturak eta instalazioak hobetzera eraman gaitu, eta Galdakao da horren adibide, azpiegitura mekanizatuagoarekin eta azken teknologiarekin».
Gaur egun, DHL Expressek 23 ibilbide ditu Galdakaoko instalazioan, nahiz eta 30erako edukiera izan, eta 38 ere hartu ditzazken. Bizkaiko eremu geografikoa —Urduña izan ezik—, Gipuzkoako zenbait eremu, Arabako Balmaseda eta Laudio arteko eremua eta Burgosko Balmaseda eta Villasana de Mena arteko eremua hartuko ditu Galdakaok.