EAJ izan da alderdi bozkatuena Galdakaon Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeetan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EAJ-PNV Bizkaia
Atzo, uztailak 23, Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeak antolatu ziren eta PP izan zen alderdi bozkatuena Espainian. Galdakaon aldiz EAJ-PNVk jaso zituen boto gehien, 4.247. Emaitza guztiak jaso ditugu albiste honetan.
Maiatzaren 28an antolatu ziren foru- eta udal-hauteskundeak Hego Euskal Herrian. Emaitzak ezagutu eta egun batzuk beranduago Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri zuen uztailaren 23rako Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeak deitzen zituela.
Atzo, uztailak 23, antolatu ziren hortaz Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeak eta PP izan zen alderdi bozkatuena Espainian 8.091.840 botorekin. Bigarrena PSOE izan zen (7.760.970), hirugarren Vox (3.033.744) eta laugarren Sumar (3.014.006).
Emaitza hauekin, popularrek 136 diputatu lortu dituzte, sozialistek 122, Voxek 33 eta Sumarrek 31. Euskal alderdiei dagokienez, EH Bilduk 333.362 boto jaso zituen eta 6 diputatu izango ditu, eta EAJ-PNVk beste hainbeste, 275.782 boto jaso ostean.
Galdakaon alderdi jeltzalea izan zen bozkatuena, %8,3ko jaitsiera izan arren. EAJ-PNVk 4.247 boto jaso zituen atzo, udalerrian bozkatu zuten %26,7. Bigarrena EH Bildu izan zen, 4.199 botorekin (%26,4) eta %7,7ko igoera izan du aurreko hauteskundeekin alderatuz.
Hirugarrena PSOE izan zen 3.884 botorekin (%24,4), laugarren Sumar 1.650 botorekin (%10,4), bosgarren PP 1.262 botorekin (%7,9) eta seigarren Vox 419 (%2.6).
Maiatzaren 28an antolatutako foru-eta udal-hauteskundeetan EH Bildu izan zen alderdi bozkatuena, Binkek jaso zuen moduan.