EAJk Usansoloko kudeaketa batzordea osaera berriarekin eratzea eskatu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Maiatzaren 28ko udal-hauteskundeen emaitzen ondorio, Usansoloko kudeaketa batzordearen kideen artean aldaketak izango dira. EAJ-PNVk «Usansoloko batzordearen osaera finkatuko duen eraketa bilkura albait arinen deitzea» eskatu die batzordeko presidente den Agustin Aizpururi eta Bizkaiko Foru Aldundiari.
Maiatzaren 28an antolatu ziren udal-hauteskundeen emaitzen ondorio, Usansoloko kudeaketa batzordearen osaera aldatuko da. Binkek jaso zuenez, osaera berrian Usansolo Herria plataformak zortzi kide, EAJ-PNVK bi eta EH Bilduk bat izango dituzte.
Usansoloko EAJ-PNVk kudeaketa batzordearen presidente den Agustin Aizpururi eta Bizkaiko Foru Aldundiari «Usansoloko batzordearen osaera finkatuko duen eraketa bilkura albait arinen deitzea» eskatu die.
Halaber, idazkariari jarduna arautzeko proposatzen duen araudia aurkeztea eskatu diote, «osoko bilkurak eta lan batzordeak arautze aldera».
«Eskari formal honen bidez, argi utzi nahi da EAJ-PNV bere hauteskunde egitasmoan aurreratu zituen konpromisoak betetzen hasi dela, Usansoloren segregazio prozesua bultzatuz», adierazi dute jeltzaleek. «Hori dena, kontuan izanik talde jeltzaleak ordezkari bat galduko lukeela», azpimarratu dute.