EGITARAUA | Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoen 56. edizioa, eguenetik domekara bitarte
TESTUA ETA IRUDIAK: Jon Gomez Garai
Gaur eguerdian aurkeztu dute eguen honetatik domekara bitarte Peña Santa Cruzek Galdakaon antolatuko dituen Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoen 56. edizioa. Bertan izan da BINKE eta, egitarauaz gain, Alfonso Requero eta Edurne Espillaren adierazpen batzuk ere bideoz batu ditugu.
Beste urte batez, eta honekin badira 56 edizio, Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoak antolatuko ditu Peña Santa Cruz elkarteak Galdakaon, azaroaren 7tik 10era bitarte. Gaur aurkeztu dute prentsaurrean Peña Santa Cruzen egoitzan bertan, eta osteko argazkia egin da elkarteko egoitzaren aurrez aurre dagoen perretxikoen eskulturan.
«Galdakao eta mikologia lotuta egon dira beti, eta hori hein handi batean jardunaldi hauei esker da, Peña Santa Cruzek mikologiaren transmisioan egiten dauan lana medio» esanez hasi du bere hitzartea Edurne Espilla Galdakaoko Kultura zinegotziak. Gaur Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoen edizio berria aurkezteko egin den prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok Espillak, Iñigo Hernando alkatearekin, Javi Bilbao Peña Santa Cruz elkarteko presidentearekin, Javi Irusta elkarteko diruzainarekin eta Alfonso Requero elkarte bereko arlo mikologikoko arduradunarekin batera. Aurretik ordea, Hernandok adierazi du «Udal moduan gozada bat dala herrian hain errotuta dagoan alkarte bat izatea, neurri honetako alkarte batek galdakoztarron izaeran be eragin positiboa daukolako gainera».
Peña Santa Cruzeko kideek eguenean bertan, azaroaren 7arekin, hasiko diren jardunaldien egitaraua azaldu dute egunez egun, eta «eguraldi ona egingo daualakoan, galdakoztar guztiak animatu gura doguz gustu guztientzako ekitaldiak batuko dabezan egunez gozatzera». Eskolartekoen irteerak, argazki erakusketak, goi-mailako sukaldarien zuzeneko erakustaldiak,… eta jardunaldiak amaitzeko urteroko hitzordu garrantzitsua: domekako onddo eta perretxikoen erakustaldia, pintxo solidarioa, musika, pilota partiduak eta sari banaketa.
Hauxe duzu Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoen 56. edizioak aurten Galdakaora ekarriko duena:
Azaroak 7, eguena
Show cooking, 19:00etan Torrezabal Kultur Etxean, Josemi Olazabalaga (Andra Mari jatetxea), Baltasar Leiro (Andra Mari jatetxea) eta Pablo Garridorekin (Aretxondo jatetxea).
Azaroak 9, zapatua
‘Perretxikotan basora’ irteera Sarriako parketxera, Galdakaoko ikastetxeetako ikasleekin batera 08:30ean Kurtzeko plazan hasita.
Azaroak 10, domeka
- Argazki erakusketa, jardunaldietan zehar egindako ‘argazki-ibilbidea’, 10:00-13:30 bitarte Gandasegi eskolako arkupeetan
- Lehiaketa gastronomikoa, Ostalaritza eskola, txoko/elkarte eta partikularrei zuzenduta. Lehiakideek jendeaurrean perretxiko platerrak egingo dituzte, eta ondoren sukaldari ospetsuz osatutako epaimahaiak balorazioa egingo du. Gandasegi ikastetxean 11:00etatik 13:30 bitarte
- 56. urteurreneko jaia: perretxiko-erakusketa, eskolartekoa perretxiko-lehiaketa, herri dastaketa (pintxo solidarioa, 3€) eta pilota partiduak