«Egokitzapen prozesua, denontzako beharrezko», Irati Bediaga
Neuretik
Irati Bediaga Rementeria
BINKE / 2021eko urria
Egokitzapen prozesua, denontzako beharrezko
Ohi bezala haur hezkuntzan estreinakoz hasten diren ikasleek egokitzapen prozesua egin zuten ikasturtearen hasieran; ezbairik gabe, garrantzi handiko prozesua. Baina kontziente al gara egokitzapen prozesu hau helduaroan ere beharrezko dugula hainbat momentutan?
Arrate duela bi aste izan da lehen aldiz ama eta gizarteak kontatu dio bere bizitzako esperientziarik politenaren aurrean dagoela, gozatu egin behar duela. Berak ordea ezin du gehiago alabaren negarrekin, lorik gabeko gauekin. Gustura esango nioke denborarekin joango direla ama-alabak elkar ezagutzen, egoerari neurria hartzen. Martin duela hiru hilabete alargun geratu zen eta psikiatrak agindu dio barnean duen zulo hori betetze aldera antidepresiboak hartzen hasteko. Belarrira xuxurlatuko nioke agian zuloak oraingoz egon egin behar duela hor, denborarekin eta ez pilula magikoekin joango dela zulo berri horren lagun egiten.
Malen nerabetasunean sartu berri da eta eskaparateek oihukatu diote eskote handiko kamisetak janzteko. Baina bera bere gorputz berriarekin gudan dago oraindik. Leunkiro aitortuko nioke bere azaleko bihurgune berri bakoitza ezagutzeko eta hauek maitatzeko behar adina denbora hartzeko.
Asier bere neska lagunak utzi zuenetik bi aste pasa dira eta kuadrilakoek erdi brometan esan diote baduela garaia berriz ligatzen hasteko, untze batek beste untze bat ateratzeko balio duela. Erdi serio argi utziko nioke lehenengo hobe duela denbora hartzea bere burua konkistatzeko.
Susmoa dut heltzen goazen heinean, gure buruari ez diogula baimentzen aldaketetara egokitzeko denbora, ez dugula mimoz eta pazientziaz tratatzen egoera berriek dakarten bertigo hori.