Eguneko albisteak jasotzeko doako WhatsApp zerbitzua abian jarri du Binkek
TESTUA ETA ARGAZKIA: Erredakzioa
Eguneko albisteak mezu bakarrean eta titularrekin labur-labur jasotzeko aukera eskaintzen hasi da BINKE WhatsApp-eko ‘newsletter’ zerbitzuaren bidez. Dagoeneko izena eman daiteke, doan eta modu erabat anonimoan.
Abiadura bizian bizi gara, eta oharkabean joaten dira gure inguruko hainbat eta hainbat albiste. Horretarako daude sare sozialak, eta horretarako ditu Binkek zenbait sare ere. Baina sare horietara guk jo ezean, ez dira albisteak gugana etorriko «tok tok» ate joka.
Horregatik, Telegrameko kanal publikoari —eta Instagram, Twitter zein Facebook-eko kanalei— beste mezularitza bide bat gehitu dio Binkek: eguneko albisteak WhatsAppetik doan jasotzeko aukera. Bada, urte betean honezkero berrehundik gora harpidedun baditu ere Binkek Telegramen, mugikorretako erabiltzaile asko eta asko dira WhatsApp gehiago erabiltzen dutenak.
Horrela ba, ‘newsletter’ tankerako zerbitzu berri honen bidez eguneko albisteen titularrak WhatsAppera bidaliko dizkio Binkek kanal honetan bere izena ematen duenari, labur-labur eta mezu bakarrean —gehienez egunean behin—.
Horretarako, 680743211 zenbakia mugikorreko kontaktuen artean gorde behar da eta ALTA hitza mezu pribatu bidez aipatutako telefono zenbakira bidali. Doakoa eta erabat anonimoa da, eta edozein unetan eman daiteke baja, zenbaki berean hala adierazita.