Elexaldeko igerilekuak zapatutik irailaren 30era bitarte zabalduko dira
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Zapatutik, ekainak 1, irailaren 30era bitarte zabalduko dira Elexaldeko igerilekuak. Astelehenetik domekara erabili ahal izango dira eta hemen batu ditugu ordutegiak eta prezioak.
Aurten ere Elexaldeko igerilekuak irekiko dira udan zehar disfrutatzeko. Zapatuan, ekainak 1, zabalduko dira eta irailaren 30era arte erabili ahal izango dira astelehenetik domekara, ordutegi hauetan:
- Ekainaren 1etik 14ra eta irailaren 16tik 30era: astelehenetik barikura, 15:00etatik 20:00etara. Zapatu eta domeketan 11:00etatik 20:00etara
- Ekainaren 15etik irailaren 15era: astelehenetik domekara, 11:00etatik 20:00etara
Prezioei dagokienez, abonatu guztiek eta 4 urtetik beherakoek doako sarrera izango dute. Abonatu ez direnen artean, 4-16 urtekoek 5 euro ordainduko dute eguneko, eta 17 urtetik gorakoek, 7,50 euro.
Igerilekuak erabiltzeko arauei dagokienean bi berrikuntza izango dira aurten. Batetik, Abonatuta ez dauden pertsonek merkeago izango dute sarrera arratsaldez soilik erabiltzekotan. 4 eta 16 urte bitartekoek (biak barne) 15:00etatik aurrera 3 euro ordainduta sartu ahalko dute, eta helduek, 5 euroren truke.
Bestetik, aurten 14 urte betetzen dituzten adingabeak, hau da, 2010. urtean jaiotakoak, pertsona heldurik gabe sartu ahal izango dira.
Familia abonuarekin, familia osoak igerilekuetara joan ahal izango dira lau hilabetez, guztira 64,90 euro ordainduta. Banakako abonua aldiz 46,90 eurokoa izango da denboraldi osorako, eta 36,10 eurokoa 25 urtetik beherakoentzat. Abonuak Urreta eta Unkina kiroldegietan eska daitezke.
Udalak jakinarazi duenez, baldintza klimatologiko txarra edo ustekabeko beste ezein egoera ez dira sarbide kuotak itzultzeko arrazoi izang eta instalazioan sartu diren pertsonek irtetea erabakitzen badute, egun horretan bertan sartu ahal izango dira berriro, betiere dagokion tiketa aurkezten badute eta une horretan edukiera guztiz beteta ez badago.
Animaliekin sartzea debekatuta egongo da eta derrigorrezkoa da araudia betetzea eta igerilekuetako langileen jarraibideak betetzea.