«Erantzunaren ardura», Gotzon Barandiaran
Kulturminez
Gotzon Barandiaran Arteaga
BINKE / 2022ko otsaila
Erantzunaren ardura
Euskararen langile autonomook sortu dugun Lanartea intersindikal berriaren bilera batera gindoazen lagun musikaria eta biok. Halako batean, urtea hasi denetik milaka euskal herritar kalera aterarazi dituzten mobilizazioak hartu genituen berbagai. Kalera atera gara, besteak beste, pentsio duinen alde, osasungintza eta hezkuntza publikoaren alde, Covid-19 pasaportearen aurka, burgesiaren diktaduraren kontra, Espainian onartu duten lan-erreformaren aurka. Milaka.
Laguna kexu zen, ostera, urtea hasiz geroztik euskararen eta ondorioz euskal hiztunon eskubideon aurkako horrenbeste eraso gertatu arren, ehundaka baino ez garela izan kalean asaldatu garenak. Estatu Frantziarrak Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako irakasleak zigortu ditu brebeta eta baxoako azterketak euskaraz pasarazi dizkietelako euskaraz ikasi nahi duten ikasleei, Nafarroako Gobernuak euskaraz bizitzeko eskubidea ukatu gura die nafartarrei, judikatura espainol unionista osatzen duten epaileek administrazio publikoan lan egiteko euskara jakin behar ez izatea arautu nahi dute euskara ikastea oso zaila dela argudiatuta. Eta ehundaka zenbatu ditugu kalean protestan. Ez milaka. Ehundaka gutxi batzuk.
Zer gertatzen zaigu? galdetu zidan lagunak. Hezkuntza, osasun, eta lan duinak gura ditugu, noski. Ez dugu inposiziorik ez diktadurarik nahi, noski. Eta euskararen aurkako edozer onartzeko prest gaude? Aurten Korrika eta Euskaraldia ditugula gogoratuz kontsolatu nahi izan nuen euskararen langile autonomoa den musikari laguna, agian horien bitartez ere lor genezakeela euskara eta bere kulturgintza guztion ardura direla ulertaraztea.