«Erlearen ziztada», Antton Irusta
Autu-mautuan
Antton Irusta Zamalloa
BINKE / 2021eko iraila
Erlearen ziztada
Mariren ipuintxo batekin natorkizu, gaur, Binkeko irakurle kutuna. Ba al dakizu erleek ziztatzen bazaituzte hil egiten direla? Bada istorio polit bat horretaz: «Aspaldi-aspaldi, berarekin ziren animalia guztiei begira zegoen Jainkosa Mari. Animalia bakoitzak bere itxura eta trebetasunak zituen, zeini bere beharretara egokituak. Jainkosa Marik esan zien:
— Bakoitzari jite desberdina eman dizuet, neronek hala nahi izan dudalako, zuetako bakoitza berean ondo bizi dadin. Hala ere, dohain bat eman nahi diot bakoitzari. Beraz, dohain bereziren bat nahi duenak hala eska dezala, eta eman egingo zaio.
Ikaragarrizko iskanbila sortu zen animalien artean. Halako batean, erleari ere iritsi zitzaion bere ordua. Eztia egiteko dohaina eman zion, aurretik Jainkosa Marik. Eta Marik hauxe galdetu zion:
— Zer nahi duzu zuk? Eztia badaukazu, gizakien artean estimatuena den elikagaia. Nahi baduzu, urrezko etxetxo bat emango dizut, eztia gordetzeko.
— Ez, Jainkosa Mari —erantzun zion erleak—. Gizaki orok izango du nire eztia harrapatzeko gutizia, eta areagotu egingo duzu, gainera, urrezko etxetxo bat ematen badidazu. Emadazu arma bat, gizakiarengandik babesteko, eztitara datorrenerako.
— Nahiko ezti izango duzu zuk, eta gizakiei emateko adina ere sobratuko zaizu —esan zion Marik—. Eta, gainera, eskatu didazuna ere emango dizut.
Horrela, eztena ipini zion Marik erleari. Baina, erlea zigortu nahian, bihotz txarrekoa izan zelako, Jainkosak erabaki zuen erleek zizta egin bezain laster, hil egingo zirela».