Erletxe eta Boroa arteko bidegorriaren diseinua onetsi du Bizkaiko Foru Aldundiak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: DOT Durangaldea
Galdakao lotzen duen bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbidea egiteko helburuz, Bizkaiko Foru Aldundiak Ibaizabalgo bidegorriaren bigarren zatiko diseinua onetsi du. Erletxe industrialdearen ondoan hasiko da, Kortederra auzotik igaroko da eta Amorebietako Boroa industrialdean amaituko da.
Martxotik erabilgarri dago Ibaizabalgo bidegorriaren lehen zatia, Amorebieta eta Iurreta batzen dituena. Zubieta industrialdean hasten da, Amorebietan, eta AP-8 autobidearen paraleloan jarraitzen du. Guztira, 5,5 kilometro ditu.
Orain bidegorri honen bigarren zatiaren diseinua behin betiko onetsi du Bizkaiko Foru Aldundiak, Galdakaoko Erletxe eta Amorebietako Boroa industrialdeak batzen dituena. Bide honen helburua Galdakao lotzen duen bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbidea egitea da.
Proiektua behin betiko onetsi ondoren, hurrengo urratsa emango da, hau da, lizitazioa ematea eta lanak egikaritzea. Horretarako aurrekontua 1.557.904 euro izango dira eta lanek 15 hilabete inguru iraungo dute.
Bigarren tartea Iurreta eta Amorebietaren artean dagoeneko erabilgarri dagoen 5,5 kilometroko bizipistara lotuko da. Etorkizunean, hirugarren tarte bat ere batuko da, Erletxe eta Larrabetzuren artean.
«Aukera erosoa eta segurua izango da bizikleta eguneroko joan-etorrietan gehiago erabiltzea sustatzeko», nabarmendu dute Bizkaiko Foru Aldunditik.