Ertzaintzaren operazioaren aurrean «diskrezioa beharrezkoa» zela esan zuen Galdakaoko alkateak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EITB
Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu Galdakaon, hauetako bat atzo, sei adingaberi sexu-harremanak egitea eta hauen intimitatearen aurkako delituak leporatuta. Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak ETBri eskainitako adierazpenetan azaldu zuenez, Udalak bazuen operazioaren berri baina «adingabeak tartean izanda, diskrezioa beharrezkoa izan da».
Sei adingaberi sexu-erasoak egitea eta adingabeen intimitatearen aurkako delituak leporatuta, 37 eta 21 urteko bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak Galdakaon. Lehena azaroan atxilotu zuten, eta bigarrena atzo arratsaldean, Segurtasun Sailak ezagutzera eman zuenez.
Atxilotuek, dirudienez, opariak eskaintzen zizkieten biktimei sexu-harremanak izatearen truke eta Ertzaintzak uste du biktima zein gaizkile gehiago egon daitezkela kasu honen barnean, ‘Musikari’ izenekoan.
BINKEk jaso duenez, atzo atxilotutako bi gizonak aske utzi dituzte epaiketaren zain, epaitegian agertzeko betebeharrarekin.
Galdakaoko Udalak bazuen operazioaren berri baina adingabeak tartean egonda, diskrezioa «beharrezkoa» izan dela azpimarratu zuen atzo Iñigo Hernando alkateak, ETBri eskeinitako adierazpenetan.
Hernandok azaldu zuen Galdakaoko Udaleko arlo ezberdinak martxan jarri direla eta elkarlanean ari direla. «Badakigu adingabeak tartean izanda beste arlo batzuetatik ere gure jarduna beste motatakoa izan behar dela», adierazi zuen.
«Babesa adierazten diegu erasoa sufritu duten umeei eta familiei», nabarmendu zuen Hernandok Udalaren izenean.