Espainiako Gobernuaren ordezkaritza «Usansoloren esanetara» egongo dela adierazi du Denis Itxasok
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Denis Itxaso
Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn, Denis Itxaso, Usansoloko eta Galdakaoko alkateekin batu da gaur goizean Txapelena baserrian. Bere erakundea «zuen esanetara» egongo dela ziurtatu die Agustin Aizpuru eta Iñigo Hernando alkateei.
Abenduaren 28an ofizialki udalerri sortu zenetik, pixkanaka pauso berriak eman ditu Usansolok. Urtarrilaren 25ean udalaren funtzioak egiten zituen kudeaketa batzordeak lehen osoko bilkura antolatu zuen eta honetan besteak beste, hiru alkateordeak izendatu zituzten.
Oraingoan ordea Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariarekin batu da gaur goizean Txapelena baserrian Agustin Aizpuru Usansoloko kudeaketa batzordeko burua, udalerriaren etorkizunari buruz hitz egiteko.
Hitzorduan hauxe adierazi dio Itxasok Aizpururi, ordezkariak bere Twitter kontuaren bitartez adierazi duenez: «Espainiako Gobernuaren ordezkaritza zuen esanetara egongo da prozesu konplexu guzti hau ahalik eta errazena izan dadin laguntzeko».
«Eurek eskatutako bilera izan da eta prozesuaren inguruan hitz egin dugu, batez ere aurrerantzean eman behar diren pausoei buruz», adierazi dio BINKEri Aizpuruk. «Prozesuan zehar behar dugunean laguntza eskaintzeko konpromisoa hartu dute», azaldu du Usansoloko alkateak.
Bileran Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak ere parte hartu du eta Itxasok «udalerri berriaren eraikuntza prozesuan erabat lagungarri gertatzen ari dela» azpimarratu dio Hernandori.