
Euskara ahalduntzeko soziolinguistika tailerra jaso dute AEKko irakasleek
TESTUA ETA ARGAZKIA: AEK
Otsailaren 10ean euskara ahalduntzeko soziolinguistika tailerra egin zuten AEKko irakasleek, tartean Galdakaoko irakasleak ere zirela.
Pasa den otsailaren 10ean, AEKko irakasleok euskara ahalduntzeko soziolinguistika tailerra egin genuen. Saio teoriko-praktiko honen helburuak honako hauek izan ziren: ahalduntzearen ezaugarriak adostea eta garatzeko baliabideak eskuratzea, eta euskahalduna izateko aukerak identifikatzea eta berriak sortzeko baliabideak lortzea.
Egunerokoan gerta litezkeen egoera errealen aurrean eraginkortasunez jokatzeko gakoak eta erremintak eman zitzaizkigun irakasleoi.
Hainbat galderaren lanketa egin zen bertan. Besteak beste, zer den euskara ahalduna izatea, zelako ezaugarriak dituen, zergatik ahaldundu. Euskaraz bizi nahi izateko nork bere arrazoietan hausnartu zuen eta hortik abiatuta, euskara ahaldunagoa izateko teknikak, egoerak kudeatzekoak eta euskararen erabilera sustatzeko bideak landu ziren.
Probetxuzko tailerra izan zen, are gehiago, euskararen erabileraren joera zein den ikusita. Ez dakienari irakastea baino haratago joan beharko genukeelakoan gaude. Erabileran eragiteak sekulako garrantzia dauka, gure hizkuntzari bizitasuna eman gura badiogu.