Galdakao eta Zornotza batuko dituen bidegorriaren lanak urte amaieran hasiko dira
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: DOT Durangaldea
Bizkaiko Foru Aldundiak behin betiko onartu zuen Erletxe eta Boroa industrialdeen arteko bidegorriaren proiektua. Lanak urte amaieran hasiko dira eta zati honek 4,5 kilometroko ibilbidea izango du, bizikletaz edo oinez egin ahal izango dena.
Pasa den urtean, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako proiektuaren baitan, Iurreta eta Zornotza lotzen dituen ibilbidea jarri zen martxan. Guztira 5,5 kilometro ditu eta bizikletaz eta oinez egiteko aukera eskaintzen du bide honek.
Plan integral honen baitan ere eta ibilbidea luzatuz, Galdakao eta Zornotza batuko dituen bidearen proiektua behin betiko onartu zuen duela aste batzuk Aldundiak eta hau egiteko lanak urte amaieran hasiko dira, DOT komunikabidearen arabera.
Guztira 4,5 kilometro izango ditu ibilbideak eta bizikletaz edo oinez egin ahal izango da, BINKEk jaso zuen moduan. Erletxeko industrialdean hasiko da, Kortederratik igaroko da, eta Zornotzako Boroa auzora iritsiko da.