Galdakaok arreta psikologikoa eskainiko die gazteei
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Polina Zimmerman
Galdakaoko Udalak ‘Batera’ zerbitzua martxan jarri du, herriko gazteei arreta psikologikoa eskaintzeko helburuz. 12 eta 30 urte bitarteko gazteentzat bideratuta dago eta adinaren arabera espazio ezberdinetan artatuko dituzte.
Gazteei arreta psikologikoa eskainiko diela iragarri du Galdakaoko Udalak eta horretarako ‘Batera’ zerbitzua martxan jarri du, Gazteria Arloaren eskutik. «Eguneroko zailtasunetan laguntzea da helburua, hala nola, gatazken ebazpenean, norbere buruaren zainketan, harremanen sendotzean, estresaren eta bakardadearen kudeaketan edo autoestimuaren indartzean», azaldu dute Udaletik.
Zerbitzua 12 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago eta adinaren arabera espazio ezberdinetan artatuko dituzte.
Herriko 12 eta 17 urte arteko gazteak herriko topaguneetara joan beharko dira, ordutegi hauetan:
- Asteazkenetan: 17:00etatik 20:00etara, Indarran.
- Ostegunetan: 17:00etatik 20:00etara Usansolon, eta 17:30etik 19:30era Aperribain (15 egunean behin).
- Ostiraletan: 17:00etatik 20:00etara, Plazakoetxen.
Torrezabal Kultur Etxeko 1. solairuan emango zaie arreta berriz 17 eta 30 urte artekoei, astelehenetan 16:30etik eta 20:30era. Banakako arreta izango da eta aurretiazko hitzordua hartu behar izango da.
Informazio gehiago ezagutu daiteke 747480472 telefono zenbakira deituz edo batera.gdko@gmail.com helbidera idatziz.